Bihar hasiko da lau eguneko ospakizuna Hernanin, Euskal Jaien baitan. 18:00etan sagardo dastaketa gidatua antolatu dute, Mikel Garaizabalek gidatuta (txartelak salgai 5 euroan Zinkoenea Tabernan). Zinkoenea Tabernaren 100garren urteurrenaren harira, ospakizun ekitaldi berezia antolatu dute: bertso saioa Maialen Lujanbiorekin, bertso saio musikatua Unai Agirre, Eñaut Agirre eta Imanol Kamiorekin, trikitixa Tolosa ahizpen eskutik, Hernaniko Herri Musika Elkarteko txistulariak, Kalez Kale Kantariko kideak, eta Ortega-Barrenetxea musika taldea. Ostiralean erremonte partiduak jokatuko dira kiroldegian, doako sarrera izango dutenak, eta Bretainia zein Euskal Herriko musika eta dantza emanaldia ere izango da, Atsegindegin.
Larunbata da egun potenteena, herritarrek euskal jantziak jantzi eta kalera ateratzeko eguna. Egun osoan zein gauean izango da festarako aitzakia herrian, goizeko 10:00etan hasita eta gaueko 23:00etara arte. Azokak, jokoak, txakolina edota herri kirolak izango dira protagonista goizean; eta haurrentzako jarduerak, bertsolaritza edota erromeria arratsalde-gau partean, besteak beste. Ohi bezala, Hernaniko Musika Bandak kontzertua eskainiko du udaletxeko arkupeetan, eguerdiko 13:00etan. Jorge Pachecoren zuzendaritzapean, bandak joko ditu hainbat euskal konpositore ezagunen obrak. Horiek izango dira, besteak beste, Pablo Sorozabalen 'Bigarren kalez kale', Jesus Guridiren 'El caserio'ren preludioa eta Jose Maria Usandizagaren 'Euskal festara'.
Igandean festak ez du etenik izango, eta nahiz eta oraindik batenbat etxeratu, eta are gutxiago, lotaratu gabe izango den, 09:00etan dianak herritarrak jaikiaraziko ditu. Gero, goizean zehar, azoka, esku pelota zein pala partiduak, eta trikitixa jaialdia izango dira. Arratsaldeko 19:00etan, Euskal Jaiak ondo borobiltzeko, Niko Etxarten eta Hapa-Hapa taldearen kontzertua izango da, Atsegindegin.
EUSKAL JAIAK 2026
EGITARAU OSOA
BIHAR, osteguna
18:00, Sagardo dastatze gidatua Zinkoenea plazan. 5 euroan.
19:00, Zinkoenea Tabernak 100 urte. Bertso saio musikatua.
ETZI, ostirala
19:00, Erremontea, kiroldegian.
19:00, Bretainia eta Euskal Herriko dantza eta musika emanaldia, Atsegindegin.
IRAILAK 19, larunbata
10:00, Abeltzain azoka eta antzinako lanabesak, Tilosetan.
10:00, Erraldoien erakusketa, Plazan.
10:00, Hernaniko produktuen azoka, Tilosetan.
11:00, Trikitixa kaletan barrena.
11:00, Antzinako jokoak, Tilosetan.
11:30, Erraldoi eta buruhaundien topaketa, Plazan.
12:00, Txakolin dastaketa, Iturriaga kalean.
12:30, Kantu jira, Plazatik.
12:30, Herri kirolak, Tilosetan.
13:00, Musika Bandaren kontzertua, udaletxeko arkupetan.
17:00, Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolatada, Tilosetan.
18:00, Bertsoak, Biterin: Aitor Etxeberriazarraga, Uxue Alberdi, Sustrai Colina eta Eli Pagola.
19:00, Oinkada erromeria taldea, Plaza Berrin.
19:30, Zuttik elektrotxaranga.
23:00, Iratzar taldearen erromeria, Tilosetan.
IRAILAK 20, igandea
09:00, Diana.
10:00, 45garren Pablo Lasa Artisau Azoka, Plaza Berrin.
12:00, Pelota eta pala partiduak, Tilosetan.
12:30, Trikitixa, Plaza Berrin.
19:00, Niko Etxart eta Hapa- Haparen kontzertua, Atsegindegin.