Oso garaipen garrantzitsua lortu zuen Endika Barrenetxea hernaniarrak, larunbatean, Buruz Buruko Txapelketan: ligaxkako azkeneko partidua irabazi zuen Aritz Juanenearen kontra (30-26), eta lider jarri da 10 punturekin, Xabi Azpirozi (8 puntu) aurrea hartuta. Uitziarrak, hori bai, bere azkeneko partidua jokatu behar du, larunbat honetan, Josetxo Ezkurraren kontra.
Kosta egin zitzaion hernaniarrari hasieran, eta saldiastarrak 10-16 hartu zuen aurrea. Hortik aurrera, ordea, akatsak zuzendu eta bere maila onena ematen hasi zen Barrenetxea, eta 22-20 aurreratu zen. Juaneneak 25na berdintzea lortu zuen, baina hernaniarra nagusitu zen berriro.