'Familian zaindu, jolastu, hazi' izeneko «programa esperientziala» jarriko du martxan Hernaniko Udalak, hilabete honen bukaeran, 5 eta 7 urte bitarteko haurrak dituzten familientzat. Helburua izango da, espazio bat sortzea «dinamika ludikoen bidez familian ongizatea, komunikazioa eta harremanak indartzeko».
Irailaren 30ean hasi eta abenduaren 9ra arte, bi astetik behin elkartuko dira haurrak eta familiak, asteazkenetan, Sandiusterrin. Dinamizatzaileak izango dira Donna Apellaniz terapeuta, formatzaile eta ikerlari emozionala, eta Leyre Cano psikopedagogo, coach ludiko eta formatzailea.
Programan izena emateko epea zabalik dago atzotik, internet bidez, izenaeman.hernani.eus atarian. Irailaren 25era arte apuntatu daiteke, eta gehienez 30 laguneko taldea osatuko da, haurrak eta helduak kontatuta. Haurrekin egingo diren dinamikak euskeraz izango dira, baina helduentzako tarteak familia bakoitzaren beharretara egokituko dituzte.
Haurren bidelaguntzarako hitzaldia, gaur Biterin
Programa hasi aurretik, haurren bidelaguntzari buruzko hitzaldi irekia eskainiko dute Apellanizek eta Canok, gaur bertan. Arratsaldeko 18:30etan hasiko da saioa, Biteri kultur etxean; eta hainbat gako praktiko eskainiko dituzte bi adituek, «haurren ongizate emozionala sustatzeko eta familian kalitatezko denbora bizitzeko». Euskeraz izango da, baina ulertzen ez dutenei «komunikazioa bermatzeko baliabideak» eskainiko dizkiete.