Pentsiodunak astelehenero ari dira mobilizatzen Hernanin, duela zazpi urtetik; eta horretan jarraituko dute ikasturte honetan ere. Udako etenaldiaren ondoren, etzi bueltatuko dira plazara, irailaren 14an. Eguerdiko 12:00etan elkartuko dira astelehenero, Plazan, pentsio duin eta publikoen aldeko aldarria herrian barrena zabaltzeko.
Hernaniar guztiei luzatu diete bertaratu eta parte hartzeko deia: «Garai gogorrak datozela uste dugu, non herritarron eskubideak zapuzteko arriskua dagoen. Horregatik, gure mobilizazioetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Zenbat eta gehiago izan, hobe! Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataren pare izatea lortu nahi dugu, genero arrakalarik ez izatea, eta Osakidetzan murrizketarik ez egitea».