Giro polita eta momentu bereziak, ostiraleko Merkataritza Festan

Beñat Los Arcos Ayerdi

Goizetik iluntzera ospatu zuten festa berezia Kaxkoan, eta omenaldia egin zieten Mertxe Jimenezi eta Kimu ileapaindegiari.

Goizez zein arratsaldez, saltsa ederra eta giro polita izan zen Kaxkoko kaleetan, Merkataritza Festarekin. Dendak kalera aterata eta musikarekin zein jolasekin, kolore berezia hartu zuen erdiguneak. Eta izan zuen momentu bat oso berezia, eguerdian: omenaldia egin zieten Mertxe Jimenezi, hainbeste urtetan Berriak elkarteko arduradun izan denari, jubilatu berritan; eta baita Kimu ileapaindegiari ere, 25 urte bete berri dituela eta. 

 

 

Hunkituta eta eskertuta jaso zuten aitortza Mertxe Jimenezek eta Kimuko Iratxe Barriok. Azken honek, eskerrak eman nahi izan dizkie urte hauetan guztietan bezero izan dituenei, eta honako bertsoa ere eskaini nahi izan die Kronikaren bitartez:

Kimu zaharrak txukun orraztu
Ta kimu berriak zaintzen
Ile lixoak ruloz bete ta
Korapiloak lasaitzen
Zimak kardatu, zarpak tintatu
Ta orrazia labaintzen
Hernaniarren babesarekin
Lan erreza da jarraitzen
Mende laurden bat azkar joan zaigu
Zuen buruak apaintzen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!