Bukatu da itxaronaldia, eta bueltan dira Jauregiko jaiak!

Beñat Los Arcos Ayerdi

Lau hamarkadako etenaldiaren ondoren, gaur ospatuko dituzte festak berriro, egun osoko planarekin. Bertaratu eta gozatzeko deia luzatu die Jaubizi auzo elkarteak herritar guztiei.

 

Luzea izan da etenaldia. Lau hamarkadatan gauza asko gertatu dira, eta gauza asko aldatu. Begiratu bestela ondoko argazkiak! 1985ekoak dira, Jauregiko Jaietakoak. Horien ondoren, beste urte bat gehiago iraungo zuten, ospatzeari utzi aurretik.

Baina bukatu da itxaronaldia, eta bueltan dira auzoko jaiak, garai hartako ilusio eta gogo berarekin. Halaxe aritu dira lanean Jaubizi auzo elkarte sortu berriko kideak, festak berreskuratu nahian. Eta 40 urteren ondoren, gaur ospatuko dituzte berriro.

Egun osoko programa prestatu dute horretarako, eta giro polita izango da ziur. 10:00etan txupinazoa bota ondoren, bertsolariek hartuko dute protagonismoa, eta barrez baserri eta etxez etxe ibiliko dira Eli Pagola eta Andoni Rekondo, umorea zabaltzen. Auzo bazkariaren bueltan bilduko dira jauregitarrak gero, eta ederra izango dute arratsaldea, haur jolas, toka, igel eta mus partida artean. Erremonteaz gozatu nahi duenak ere, ondo-ondoan izango du aukera, Barrenetxearen eta Juanenearen partidu garrantzitsuarekin. Eta dantzan borobilduko dute festa eguna, musika saio bikoitzarekin. 

 

Zein ote dira gazte hauek, 1985eko Jauregiko Jaietan? Argazkiak: Roberto Arana
 
 

JAUREGIKO JAIAK

EGITARAUA

GAUR, larunbata

10:00, Txupinazoa.

11:00, Bertsoak atez ate, Eli Pagola eta Andoni Rekondo bertsolariekin, auzoko baserri eta etxeetan barrena.

14:00, Auzo bazkaria.

16:00-18:00, Haur jolasak, toka-igel txapelketak, eta mus txapelketa.

16:30, Erremonte jaialdia, Galarreta frontoian.

17:30, Txokolatada.

18:30, Erromeria, Bitartean Folk taldearekin.

22:00, Musika festa, DJ Xabi Pitch.ing-en eskutik.

 

 

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!