Pasa den asteazkenean aurkeztu zuten Hernaniko Udalak eta Batuz Gizarte Fundazioak elkarlanean abian jarri duten egitasmo pilotua. Gipuzkoako Foru Aldundiko jasangarritasun departamentuaren laguntza ere badu. Proiektuak 'Egurra' izena du, eta helburu du «hernaniarrek soberan dituzten baina egoera onean dauden altzariei bigarren bizitza bat ematea eta herritarrak kontzientziatzea euren etxeetan dituzten altzariek izan dezaketela bigarren bizitza bat». Horrela, datorren asteartetik (irailak 15) aurrera egitasmoa pobatzeko garaia hasiko da, abenduaren 15era arte iraungo duena.
Ainara Atorrasagasti Hernaniko Udaleko Ingurumen zinegotziak egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuenez, «Hernaniko Udalaren zero zabor politiken barruan kokatzen da. Gure helburua da geroz eta hondakin gutxiago sortzea».
Batuz Gizarte Fundazioaren esku, altzariak jasotzea
Egitasmoaren aurkezpenean azaldu zuen proiektuaren funtzionamendua, Aitziber Zubillaga Batuz Gizarte Fundazioko zuzendari nagusiak. Lehenik eta behin, udaletxeko Hondakin Bulegora (943 33 70 00) deitu beharko da, esanez egoera onean dagoen altzaria eman nahi dela. Horiek izan daitezke, besteak beste, armairuak, ateak, oheak, mahaiak, sofak, koltxoiak, aulkiak edota idazmahaiak.
Gero, jasotako deien arabera ibilbide bat programatuko dute Batuzeko 'Egurra' zerbitzutik, eta etxez etxe joango dira altzariak begiratzen eta jasotzen, asteartetan. Ondoren, Urnietan duten biltegira eramango dira altzariak. Behar izanez gero errestaurazio lanak egingo dira, eta Batuz Gizarte Fundazioak Gipuzkoan dituen dendetan jarriko dira salgai. Hori bai, Hernaniko etxeetatik jasotako altzarien kasuan, lehentasuna izango du Hernaniko dendak, «zirkularitatea sustatuz».
Gainera, Zubillagak 'Egurra' kokatu du «elkarlan eta ekimen zabalago» baten baitan: «Aukera emango digu Hernaniko topagunean beste hainbat ekimen bultzatzeko, baita altzarien tratamenduarekin lotutako prestakuntza-ekintzak zein udalerriko inklusioaren diagnostikoa garatzeko ere». Izan ere, Batuzeko zuzendariak azaldu bezala, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzako formakuntza teoriko zein praktikoak eskainiko dituzte, altzarien tratamenduaren lan mundura bideratuta.
Horrela, Atorrasagastik zein Zubillagak hernaniarrak animatu dituzte egoera onean dituzten altzariei bigarren bizitza bat ematera, egitasmoaren helburua baita altzariek bigarren bizitza hori izateko erraztasunak ematea.
Ostegunetan altzariak biltzen jarraituko du Udalak
Orain arte bezala, bigarren bizitza edukitzeko moduan ez dauden altzariak biltzen jarraituko du Hernaniko Udalak. Gogorarazi behar da, nahitaezkoa eta garrantzitsua dela udaletxeko Hondakinen Bulegora (943 33 70 00) aldez aurretik deitzea, «hondakinak modu egokian kudeatu ahal izateko». Altzari bilketa hau, beraz, ostegunetan egiten jarraituko da.