Jauregiko festak berreskuratuko dituzte larunbat honetan, 40 urteren ondoren

Beñat Los Arcos Ayerdi

Jauregi jatetxearen aspaldiko argazkia, Hernaniko Udal Artxibotik.

«Ilusio haundiz», egun osorako programa prestatu dute auzoko jaiak ospatzeko, Jauregi jatetxeko parkina erdigune hartuta.

 

1986an ospatu zituzten Jauregi bailarako jaiak azkenekoz, eta ordutik pasa dira lau hamarkada. Baina ez dute etenaldia gehiago luzatu nahi izan auzotarrek: 40 urteren ondoren, «ilusio haundiz» berreskuratuko dituzte festak, larunbat honetan.

Jauregi jatetxeko aparkalekua eszenatoki nagusi gisa hartuta, egun osorako programa prestatu du Jaubizik, Jauregiko Auzo Elkarteak. Sortu berria da elkartea bera, «auzoa bizirik mantentzeko, auzokideen arteko harremanak sendotzeko, eta gure bailararen behar eta aldarrikapenak bideratzeko».

Auzo elkartearen sorrera iragarri eta gutxira, jaiak berreskuratzekoa izan da aurreneko sorpresa. Goizeko 10:00etan botako dute txupinazoa larunbatean, eta gauera arte luzatuko da festa giroa. Bertsoak izango dira protagonista goizean eta eguerdian, baina ez ohiko formatuan: etxez etxe eta baserriz baserri ibiliko dira Eli Pagola eta Andoni Rekondo bertsolariak, auzo osoan zehar giroa pizten eta umorea jartzen.

Auzo bazkaria egingo dute ondoren, eta bete-betea dator arratsaldeko plana: haur jolasak, toka eta igel txapelketak, mus txapelketa, Galarretako erremonte jaialdia, txokolatada... Erromeria ere izango da 18:30etatik aurrera, Bitartean Folk taldearen eskutik; eta gauean ere izango da musika, DJ Xabi Pitch.ing-ekin.

Giro ederra ziurtatuta dago, Jauregin edozer antolatzen duten aldiro bezala. Herritar guztiei luzatu diete auzora bertaratu eta gozatzeko gonbitea.

 

JAUREGIKO JAIAK

EGITARAUA

IRAILAK 12, larunbata

10:00, Txupinazoa.

11:00, Bertsoak atez ate, Eli Pagola eta Andoni Rekondo bertsolariekin, auzoko baserri eta etxeetan barrena.

14:00, Auzo bazkaria.

16:00-18:00, Haur jolasak, toka-igel txapelketak, eta mus txapelketa.

17:00, Erremonte jaialdia, Galarreta frontoian.

17:30, Txokolatada.

18:30, Erromeria, Bitartean Folk taldearekin.

22:00, Musika festa, DJ Xabi Pitch.ing-en eskutik.

 

 

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!