Erremonteko Buruko Txapelketaren bigarren jardunaldia osatzeko falta zen partidua jokatu zen pasa den asteburuko larunbatean, irailaren 5ean, Galarretan. Xabi Azpirozek Aritz Juanenea menderatu zuen, 30-15. Horrela, Azpirozek 4 puntu lortu zituen, eta lehendabiziko postua kendu dio ligaxkan Endika Barrenetxea hernaniarrari. Juaneneak, 16 tantora iritsi ezinik, puntu bat galdu du ligaxkako sailkapenean.
Orain, jardunaldi bat baino falta ez den honetan, Azpiroz da lehenengo sailkatua, 8 punturekin; bigarrena da Barrenetxea, 6 puntu dituela; Juanenea hirugarren mantendu da eta 3 puntu ditu, nahiz eta puntu bat galdu zuen asteburuan; eta Ezkurra da laugarrena, puntu bakarra duela. Azpirozek, matematikoki, finalerdia jokatuko du gutxienez, Ezkurrak ezin baitu harrapatu sailkapenean.
Barrenetxeak, berriz, bigarren sailkatua den arren, ez dauka erabat ziurtatuta hurrengo fasera pasako denik. Ezkurrak zein Juaneneak azkeneko partiduan garaipena lortuz gero, eta Barrenetxeak puntu negatiboa jasotzen badu, laugarren geratuko da. Azkeneko jardunaldia datozen bi asteburuetan jokatuko da: larunbat honetan 16:30etan, Barrenetxearen eta Juanenearen artekoa; eta hurrengoan (irailak 19), Ezkurra/Azpiroz.