'Ahanzturatik memoriara' zikloa abian, 1936ko gertaeren urteurren berezian

Julen Borreguero Fernandorena

1936ko Gerra hasi zenetik 90 urte beteko dira igande honetan, irailaren 13an. Hori dela eta, iraila eta urria erakusketaz, hitzaldiz eta omenaldiz beteta egongo da, «oso ezagunak ez diren edo landu ez diren gaiak» tratatzeko.

 

1936ko Gerra hasi zenetik 90 urte beteko dira igande honetan, irailaren 13an. Hori dela eta, Hernaniko Udalak 'Hernani. Oroimena 2026. 90 urte: Ahanzturatik memoriara' izeneko zikloa antolatu du, eta astelehenean jarri zuen abian, herenegun alegia. Biterin izan ziren Xabier Lertxundi Hernaniko alkatea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide diren Irati Zuriarrain eta Javi Buces. 

Horrela, zikloari hasiera eman zioten Biterin bertan hilaren 26ra arte ikusgai egongo den erakusketarekin (astelehenetik ostiralera 09:00-21:00 bitartean, eta larunbatetan 09:00-13:00 bitartean), 'Hernaniko haurrak erbestean' deritzona. Erakusketa osatzeko, Udaleko Artxibo sailak Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntza izan du, eta kontatzen du nola Matxinatuak Hernanin sartu ondoren herritik alde egin behar izan zuten haur askok.

 

Hiru hitzaldi, orain arte landu ez diren gaien inguruan

Zikloaren baitan, hiru hitzaldi eskainiko dira, euskeraz denak, eta Xabier Lertxundik esan bezala, horien helburua da «oso ezagunak ez diren edo orain arte landu ez diren gaiak tratatzea, ahanzturatik ateratzeko».

Lehenengoa irailaren 16an izango da, Biterin, 19:00etan. Aitzol Arroyo eta Aitor Azurki ariko dira, Hernani inguruan izan ziren borrokez eta haietan parte hartu zuten internazionalistei buruz: «Matxinatuak Gipuzkoa okupatzen saiatu zirenean, hernaniar asko eta internazionalista batzuk lurraldearen eta Bigarren Errepublikaren defentsan aritu ziren. Laguntzera atzerritik etorri ziren brigadistak dira internazionalista gisa ezagutzen direnak».

Bigarrena Irati Zuriarrain Aranzadiko kideak eskainiko du, eta mintzagai izango du erakusketan islatzen den gai nagusia. 'Gerrako haurrak, erbesteko haurrak: Hernaniren kasua' izena du Zuriarrainen hitzaldiak. Biterin izango da, irailaren 23ko arratsaldeko 19:00etan. 

Eta hirugarrena urriaren 7an izango da, arratsaldeko 19:00etan hori ere. Kasu honetan, udaletxeko areto nagusian ariko da hizketan Urko Apaolaza, Bigarren Errepublikako (1931-1936) Hernaniri buruz.

 

Zikloa ixteko ekitaldia, hilerriko Argi-horman

Ekitaldi nagusia izango da urriaren 18an, igandearekin, Hernaniko hilerriko Argi-horma eskulturaren aurrean. Lau urtean behin egiten du ekitaldia Hernaniko Udalak, hilerrian bertan fusilatutako ia 200 lagunak zein desagertutako hernaniarrak oroitzeko.

Aurtengoan, gainera, aipaturiko eskulturan dagoen fusilatuen oroimenezko plaka aldatu du Udalak; izan ere, egun, Hernaniko hilerrian fusilatu eta lurperatutako 151 lagun daude identifikatuta (orain arte 138 ziren). Horrela, ekitaldia biktimen eta fusilatuen senideen, fusilatuen herrietako udal ordezkarien, oroimenaren eta bizikidetzaren inguruan lanean ari diren instituzio eta elkarteetako ordezkarien, eta hernaniarren elkargunea izango da.

 

'AHANZTURATIK MEMORIARA' ZIKLOA

Irailak 7-26

'Hernaniko haurrak erbestean' erakusketa, Biterin.

Irailak 16, ASTEAZKENA

19:00, Hitzaldia: '1936ko gerran izandako borrokaldiak Hernanin eta inguruetan: Internazionistak Hernanin'. Hizlariak: Aitzol Arroyo eta Aitor Azurki. Biterin, euskeraz.

Irailak 23, ASTEAZKENA

19:00, Hitzaldia: 'Gerrako haurrak, erbesteko haurrak: Hernaniko kasua'. Hizlaria: Irati Zuriarrain. Biterin, euskeraz.

Urriak 7, ASTEAZKENA

19:00, Hitzaldia: 'Hernani 1931-1936. Errepublika garaia'. Hizlaria: Urko Apaolaza. Udaletxeko areto nagusian, euskeraz.

Urriak 18, IGANDEA

12:00, Oroimen ekitaldia Hernaniko hilerrian, Argi-horma eskulturaren aurrean. 1936an Hernanin fusilatutako pertsonak eta desagertutako hernaniarrak oroitzeko ekitaldia.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!