Irailaren 11n, ostiral honetan alegia, ospatuko da Merkataritza Festa Hernanin, eta aurtengo leloa da 'Gure erritmoa, gure herrian'. Hernaniko Merkataritza Mahaia (Udala, Berriak elkartea eta Ekhilur) eta Gazteria saila elkarlanean aritu dira aurtengo edizioaren antolakuntzan, Gazte Olinpiaden parte-hartzearekin, eta egun osoko egitaraua prestatu dute. Antolatzaileen hitzetan, «gazteengana iritsi nahi dugu bereziki, gazteak gure saltokiertara hurbiltzea baita sektorea biziberritzeko dugun erronka eta aukera nagusia».
50 establezimenduk baino gehiagok hartuko dute parte, eta 10:00etatik 13:30etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean izango da komertzio txikien azoka berezia. Baina horrez gain, egun osoko egitaraua prestatu dute: eguerdiko 13:30etan omenaldia, Berriak elkartearen egoitzan, Kimu ileapaindegiari (25 urte bete ditu aurten) eta Mertxe Jimenezi (erretiroa hartu berri du, urte luzez Berriakeko buru izan ondoren); 18:00etan altxorraren bila Plazatik hasita, 10 talde ariko dira komertzio txikiarekin zerikusia duten erronkak gainditzen; eta 20:00etan DJ Anonimous erdiguneko kaleetan.
Horrela, ostiral honetan Kaxkoa trafikoarentzat itxita mantenduko da, goizeko 10:00etatik aurrera, eta ospakizun eguna amaitu arte. Establezimenduek euren produktuak kalera aterako dituzte, eta ingurua apainduko dute. Bestalde, izena eman duten establezimenduetan, %5eko eta %3ko deskontu gehigarriak izango dituzte Ekhilurrekin ordaintzen duten bezeroek.
MERKATARITZA FESTA
EGITARAUA
IRAILAK 11, ostirala
10:00-13:30/17:00-20:00 Komertzio txikien azoka berezia.
13:30 Omenaldia Berriak elkartearen egoitzan, Mertxe Jimenezi (erretiroa hartu berri du, urte luzez Berriakeko buru izan ondoren) eta Kimu ileapaindegiari (25 urte bete ditu aurten).
18:00 Altxorraren bila, Plazatik. 10 taldek hartuko dute parte.
20:00 DJ Anonimous, erdiguneko kaleetatik.