Izenemateak zabalik, herriko musika eskoletan eta Biteriko ikastaroetan

Beñat Los Arcos Ayerdi

Atzo zabaldu zuten izenematea Biterin eta Kantuz musika eskolan, eta azkeneko plazak geratzen dira Hernani Musika Eskola Publikoan.

Ikasturtea martxan jartzen ari den honetan, izena emateko garaia da kultur ikastaroetan zein musika eskoletan. Horrela, atzo bertan zabaldu zuten apuntatzeko epea Biteriko zein Kantuz musika eskolako ikastaroetan. 19 ikastaro izango dira Biterin, haurrei, gazteei zein helduei zuzenduta; eta irailaren 18ra arte apuntatu daiteke: izenaeman.hernani.eus atarian edo Biterin. Plaza kopurua baino jende gehiago apuntatzen den ikastaroetan, hilaren 22an egingo dute zozketa.

Kantuz musika eskolan, berriz, 9 urtetik gorako haurrentzako eta helduentzako gitarra ikastaroak eskainiko dituzte urritik ekainera. Udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan edota izenaeman.hernani.eus atarian apuntatu daiteke, hilaren 18ra arte. Astean behin egingo dituzte ordubeteko saioak, arratsaldez, Aristizabal kaleko 5garrenean.

Bestalde, bihar bukatuko da Hernani Musika Eskola Publikoan apuntatzeko epea, eta plaza gutxi batzuk daude libre, honako instrumentuetan: biolontxeloa, alboka, perkusioa, txalaparta, bonbardinoa eta tuba. Musika Eskolako bulegoan eman daiteke izena, 09:00etatik 13:00etara.

Doinu Zalen ere, matrikula epea zabalik

Izena emateko epea zabalik dago Doinu Zale musika eskolan ere, 943 33 12 33 eta 655 713 365 telefonoetan. Honakoak daude aukeran: solfeoa, pianoa, akordeoia, panderoa, bateria modernoa, biolontxeloa, tronpeta, trikitixa, gitarra, abesbatza eta armonia. Helduentzako klaseak ere izango dira goizez eta arratsaldez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!