Luze jo zuen festak atzoko egunez, bai Latsunbeberri-Marielutsen eta bai Zikuñagan. Eguraldi polita, giro ederra eta ekintza sorta zabala izan zituzten, bi auzoetako jaien egun nagusiaz ederki gozatzeko.
Ez dute goizegi hasiko gaurko egitaraua, baina ez dezatela lo hartu herritarrek, goizean eta eguerdian pilatu baitituzte azkeneko eguneko hitzorduak, eta ez dira nolanahikoak. Zikuñagan, esaterako, ermitara igoko dira goizeko 10:30etarako, eta Zikuñagako Amari eskainiko diote urteroko meza eta ekitaldi berezia. Paella-jate herrikoiarekin eta bingoarekin borobilduko dituzte festak.
Latsunben, berriz, esku pelotariak izango dira aurreneko protagonistak, jaietako txapelketaren finalekin. Baina bisitari gehienak eguerdirako arrimatuko dira bertara, euskal jai ederra prestatu baitute festei errematea jartzeko: bertsolariak, trikitilariak, sagardo dastaketa eta herri kirolak. Hain juxtu, azkeneko hori da aurtengo nobedadea, eta bost gazte ariko dira lanean: Malen Barrenetxea-Kimetz Artola eta Garazi Izagirre-Manex Izagirre bikoteak aizkoran; eta Beñat Telleria harrijasotzen.
Haien lanaz eta 10 sagardotegitako sagardoaz gozatu ondoren, bazkalordurako botako dute jaien bukaerako suziria.
ZIKUÑAGAKO JAIETAN GAUR
IRAILAK 6, igandea
10:30, Zikuñagako Amaren omenezko meza, ermitan. Euria eginez gero, eskoletan.
13:00, Toka, bote eta igel txapelketak, frontoian.
14:00, Paella-jate herrikoia, eskoletan.
Jarraian, Bingoa, eskoletan.
16:00, Traka eta jaien amaiera, futbol zelaian.
LATSUNBEBERRI ETA MARIELUTSEKO JAIETAN GAUR
IRAILAK 6, igandea
10:00-12:00, Iturritxo Elkartea XII. esku pelota txapelketaren finalak.
11:00-12:00, Patata tortilla txapelketa. Balio anitzeko pistako txosnan entregatu beharko dira tortillak, eta honako osagaiak bakarrik erabili daitezke: arrautza, patata eta tipula. Hiru onenentzat sariak: bi afari Latsunbe tabernan, bi afari Gunea garagardotegian, eta bi afari Karrero tabernan.
11:00-13:00, Eskulan tailerra, Iturritxo elkartearen lokalean.
12:00-12:30, Patata tortillen balorazioa eta sari banaketa.
12:00, Bertsolariak, trikitilariak, herri kirolak eta sagardo dastaketa, balio anitzeko pistan. Sagardotegiak: Akarregi, Alberro, Altzueta, Artola, Elorrabi, Gurutzeta, Itxas-Buru, Oialume Zar, Rufino eta Zelaia.
14:00, Jaien bukaerako suziriaren jaurtiketa.