Festarik festa asteburuan​​​​​​​, Hernaniko punta batetik bestera

Kronika - Erredakzioa

Txupinazoa bota bezain pronto atera ziren txistulariak kalejiran, atzo arratsaldean.

Latsunbeberri-Marielutsen eta Zikuñagan, herriko bi ixkinatan dauden auzoek ospatuko dituzte jaiak asteburu honetan. Atzo arratsaldean ekin zioten, eta festa giroa ederki piztuta, gaurkoa dute egun nagusia, goizetik gauera.

 

Asteburu honetan segiko dute Hernaniko auzoek, urteroko festa erronda luzearekin. Eta oraingoan, bakarra ez, bi izango dira festara batuko direnak, baina herriko bi ixkinatan: Hernaniko ipar-mendebaldean bata, eta juxtu beste puntan, hego-ekialdean bestea.

Tira, iparrorratza alde batera utzi eta aprobetxatu dezagun Latsunbeberri-Marielutseko eta Zikuñagako jaiez gozatzeko. Bi kasuetan, atzo arratsaldean bota zuten txupinazoa, eta goizaldera arte luzatu zuten festa, horretarako gogotsu.

Baina gaurkoa izango da egun nagusia, bietan. Lehenago ekingo diote Latsunbeberri-Marielutsen, esku pelota txapelketaren kanporaketak baitauzkate jokatzeko, eta goiz osoan izango da pelotari gaztetxoen arteko lehia. Hortik aurrera, buruhaundiak, trikitilariak eta apar festa izango dira haur eta gazteen gozagarria, eta adin guztietakoak bilduko dira mahaiaren bueltan bazkalorduan, paella-jatearekin. Jolas sorpresa eta bingoa ere izango dute, gainera.

Arratsaldea ere ez dator batere aspergarri: puzgarriak eta ohe elastikoak, toka txapelketa, txokolatada... Eta gaua, are indartsuago, DJ Mikeltxik girotuta, bingo herrikoiarekin eta zezensuzkoarekin.

Zikuñagan, berriz, eguerdian ekingo diote gaurko festari, bi zita klasikorekin: tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketa. Jan-edanera arrimatuko dira inguruko herritarrak, eta aurpegi margoketa ere izango da haurrentzat. Arratsaldearen zain egongo dira gaztetxoak, ederra prestatu baitute haientzat: puzgarriak, apar festa, txokolatada eta magia ikuskizuna.

Baina eguna iluntzen hastearekin batera joko du goia festak Zikuñagan. Izan ere, orduantxe aterako da kalera auzoko danborrada, txoko guztiak doinu bereziz janztera. Ilargi txarangak emango dio segida, eta Itzal taldearen erromeriak jarriko dio errematea, DJ Zukik festa goizaldeko ordu txikietara luzatu aurretik.

 

LATSUNBEBERRI ETA MARIELUTSEKO JAIETAN GAUR

IRAILAK 5, larunbata

10:00, Iturritxo Elkartea XII. esku pelota txapelketaren kanporaketa faseak.

11:30-12:00, Buruhaundiak eta trikitilariak, auzoan zehar.

12:00-13:00, Apar festa, eguraldi ona eginez gero.

14:00, Paella-jate herrikoia, balio anitzeko pistan. Ondoren, jolas sorpresa eta bingoa ere izango dira.

16:30-19:30, Puzgarriak eta ohe elastikoak, balio anitzeko pistan.

18:00, Toka txapelketa helduentzat, balio anitzeko pistan. Izenematea 2 euro izango dira, eta irabazleak izenemateekin bildutako diruaren erdia eskuratuko du.

19:30, Txokolatada, balio anitzeko pistan.

20:30-02:00, Musika DJ Mikeltxirekin, balio anitzeko pistan.

23:00, Bingo herrikoia.

00:00, Zezensuzkoa.

 

ZIKUÑAGAKO JAIETAN GAUR

IRAILAK 5, larunbata

12:00, Haurrentzako aurpegi margoketa, eskoletan.

12:30, Tortilla lehiaketa, eskoletan. 12:00ak arte jasoko dituzte lehiaketarako tortillak.

Jarraian, Sagardo dastaketa, eskoletan.

15:30-18:30, Haurrentzako puzgarriak, futbol zelaian.

16:00, Apar festa, futbol zelaian.

19:00, Txokolatada, eskoletan.

19:00, Magia ikuskizuna, Manu Magoaren eskutik.

20:00, Zikuñagako danborrada, auzoan zehar.

22:00, Ilargi txaranga, auzoan zehar.

23:30-01:30, Itzal taldearekin erromeria, eskoletan.

02:00, DJ Zuki, eskoletan.

 

Atzo piztu zituzten suziriak, Zikuñagan zein Latxunben

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!