Hernani Errotzenek bi jarduera antolatu ditu datozen asteetarako. Historia ikastaroa da lehendabizikoa, irailaren 7, 8, 9 eta 10ean izango dena Biterin, arratsaldeko 19:30etatik 21:30etara. Parte hartzeko matrikulatu beharra dago, eta biharkoa da azkeneko eguna horretarako, errotzen@gmail.com helbide elektronikora mezua bidaliz. Matrikulak eta lehendabiziko egunean banatuko den materialak 20 euro balio ditu.
Zehazki, Beñi Agirre historialari hernaniarrak zuzenduko duen ikastaro honetan, landuko da Euskal Herriko zein Nafarroako historia, Nabarralde Fundazioarekin elkarlanean. Lau ataletan banatuko da: lehendabizikoa deitzen da 'Historia-oroimena, Aintzinaroa, Erroma'; bigarrena 'Subjektu historikoa eta erakundeen sorrera'; hirugarrena 'Konkistak eta lurralde zatiketa'; eta azkenekoa 'Foruak eta gaur egun arteko erakundeak'. Euskeraz emango du ikastaroa, eta helduei zuzenduta dago.
Egunpasa Erriberrira, urrian
Hernani Errotzenek antolatutako bigarren jarduera irteera bat da, urria modu paregabean hasteko. Nafarroako Erriberri (Olite) herrira egunpasa antolatu dute, urriaren 3an, eta herria zein bere historia ezagutu ez ezik, ardoaren ekoizpenaren mundua ere dastatuko dute.