Euskaltegietako matrikulazio kanpaina aurkeztu zuten pasa den asteartean Hernaniko udaletxean. Ekitaldian parte hartu zuten Axier Mingo Udaleko Euskara zinegotziak, Udal Euskaltegiko zuzendari Izaskun Arrietak, AEK euskaltegiko irakasle Uxue Apaolazak, Dobera Euskara Elkarteko dinamizatzaile Xabier Ezpondak eta 'Ziztada' proiektuko egile Natalia Martinezek. Horrela, jada zabalik dago Udal Euskaltegian zein AEKn matrikulatzeko epea, hilaren 25era eta 30era arte, hurrenez hurren.
Udal Euskaltegiaren kasuan, Izaskun Arrietak azaldu zuen moduan, helburu dute ikasleei laguntzea euskeraz modu errazean komunikatzen, eta ikasleak prestatzea euskeraz bizitzeko. Gainera, Udal Euskaltegian maila guztiak eskainiko dira, A0tik hasi eta C2 mailaraino, aurrez aurreko zein online bidezko eskolekin. Aurrez aurreko eskolak jasoko dituzten ikasleen kasuan, astero ordu erdiko tutoretza ere izango dute bakarka irakaslearekin. Onlinekoen kasuan, berriz, astero ordubeteko mintzasaioa izango dute, eta bi astean behin ordu erdiko tutoretza. Ordutegiei dagokienez, zabala da eskaintza, goizean, arratsaldean eta iluntzean eskainiko baitira eskolak.
Harremanetarako, astelehen eta asteazkenetan 09:00etatik 16:00etara, astearte eta ostegunetan 12:00etatik 19:00etara eta ostiraletan 08:00etatik 15:00etara izango da aukera, Karobieta kaleko 63 zenbakira hurbilduta, 943 44 18 96 telefonora deituta, euskaltegia@hernani.eus helbide elektronikora mezu bat idatzita edo udaleuskaltegia.hernani.eus webgunearen bidez.
AEK euskaltegiaren kasuan, berriz, aukera dago Larramendi kaleko 11 zenbakira gerturatzeko, 607 59 28 64 telefonora deitzeko eta hernani@aek.eus helbide elektronikora idazteko. Uxue Apaolazak adierazi zuen bezala, maila guztietako eta «ikasleen beharretara egokitutako» klaseak eskaintzen dituzte AEKn, goiz zein arratsaldeetan: «AEK herritik sortu zen duela mende erdi, eta herriaren parte da oraindik. Horregatik, gurean, ikasketa metodoa da ikasleak laborategitik haien eremu naturalera ateratzea. Horren adibide dira Zilegi eskolak, herri osoarentzako direnak», azaldu zuen AEKko irakasleak.
Laguntza ekonomikoak, euskera ikasteko
Matrikulazioari dagokionez, azaldu zuten Udalak eskaintzen duen bekaz gain, HABEk eskainiko duela nobedade den 'Euskara bonoa' ere: A0, A1 eta A2 mailan hasiko diren ikasle hasiberriek 120 euro baino ez dute ordainduko 2-3 urteko matrikularengatik. Bestalde, berria izan ez arren, aurten ere 16-18 urte bitarteko gazteei, C1 mailakoei, 114 euroan ateratzen zaie ikasturtea, ordu bakoitzeko 0,60 euro ordaindu behar izango baitute.
Axier Mingok esan zuenez, oraindik erabateko doakotasuna posible ez bada ere, «bide horretan urratsak ematen ari gara». Horrela, Euskara zinegotziak azaldu zuen aurten ere Udalak diruz lagunduko dituela euskaltegietan euskera ikasiko duten hernaniar guztiak (matrikularen %70 eta %90a arte ordainduta, kasu bakoitzaren arabera).
Mintzalaguna, euskeraz modu informalean ikasteko aukera
Ikasturte honetan ere, Dobera Euskara Elkarteak 'Mintzalaguna' jarriko du martxan. Helburua da euskera ikasi edo hobetu nahi duten horiek euskal hiztunekin elkartzea eta modu informalean, doan, praktikatzea. Xabier Ezpondak azaldu zuenez, taldeak osatzeko soilik behar dira euskeraz ulertzen duten eta ikasteko gogoa duten mintzalagunak, bidelagun izango den eta irakasle paperik beteko ez duen euskal hiztun batekin batera.
Izena emateko epea urrian zabalduko da. Datorren hiletik aurrera Larramendi kaleko 11 zenbakira hurbilduta, 943 33 27 99 telefono zenbakira deituta edo dobera@dobera.eus helbide elektronikora mezua bidalita eman ahal izango da izena.
'Ziztada' pin bat opari, ikasle guztientzat
Natalia Martinezek Hernaniko Kultur Sorkuntza Bekaren baitan sortu zuen 'Ziztadak' proiektua. Sei pin ezberdin sortu zituen Martinezek, euskera maila ezberdina erakusten dutenak: lehendabizikoak maila apalena erakusten du, 'Kaixo berri' deritzo eta laranja kolorekoa da; bigarrengo mailaren erakusle da pin horia, 'Pintxo hero' izenekoa; ondoren urdin argi koloreko pina dator, 'Bota!' deitzen dena; gero urdin iluna, 'Amodio-odio' izena duena; azken-aurreko maila pin moreak erakusten du, eta 'Euskal guru' deitu diote; eta azkenik, maila altuenaren erakusle da pin beltza, 'Patroia' izenekoa.
Horrela, euskaltegietan matrikulatzen den ikasle bakoitzak bere mailari egokitutako pin bat jasoko du opari gisa, baita 'Mintzalagun' ekimenean bidelagun bezala parte hartuko dutenek ere. Aipatzekoa da Hernanin bizi den kataluniarra dela Martinez, eta euskera ikasten ari delako bururatu zitzaiola proiektua martxan jartzea.
Horrez gain, hilaren 17an Ziztadak tailerra izango da Urbieta kalean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, Martinezek berak zuzenduta. 16 urtetik gorako herritarrek, euskera ikasten ari direnek edo ikasleei bidea erraztu nahi dieten euskal hiztunek, haien pin propioa sortzeko aukera izango dute: «Pina sortu eta egunerokoan erabiltzera gonbidatu nahi ditugu hernaniarrak, herritarren arteko konplizitate sare bat sortzeko, eta euskeraren erabilera areagotzeko», azaldu zuen Axier Mingok aurkezpenean.