Auzoetako festek segida izango dute asteburu honetan, zita bikoitzarekin: Zikuñagan eta Latsunbeberri-Marielutsen ospatuko dituzte jaiak, bihar hasi eta igandera bitarte.
Zikuñagakoak izango dira suziria botatzen aurrenekoak, 18:00etan, buruhaundiak ateratzearekin batera. Hortik aurrera, Auzozaintza taldekoen saio bereziak eta kolore guztietako musikak hartuko dute auzoa, estreinako egunaz gozatzeko.
Festa goizaldera arte luzatuta, eguerdian ekingo diote larunbateko egun haundiari. Tortilla lehiaketak eta sagardo dastaketak beteko dituzte bertaratuen sabelak, eta haurrek hartuko dute gozatu haundiena arratsaldean: puzgarriak, apar festa, txokolatada eta magia ikuskizuna izango dira, bata bestearen atzetik. Eta hortik aurrera, berriro ere musika protagonista, baina ez nolanahikoa: auzoko danborrada aterako da kalera iluntzean, Ilargi txarangak emango dio segida ondoren, eta Itzal taldearekin erromeria izango da goizeko ordu txikietara arte. Biharkoa bezalaxe, DJ Zukik luzatuko du larunbateko parranda ere.
Eta igandean, Zikuñagako Amaren ermitan izango dute urteroko hitzordua, haren omenezko mezarekin. Kaleko jolasek, paella-jateak eta bingoak borobilduko dute hiru eguneko festa, azken trakaren aurretik.
ZIKUÑAGAKO JAIAK
EGITARAU OSOA
BIHAR, ostirala
18:00, Txupinazoa buruhaundiekin, eskoletan.
18:45, 'El txoko de la edad de oro de Zikuñaga', eskoletan.
20:00, Matraka elektrotxaranga, auzoan zehar.
22:00, Igara Roosters taldearen kontzertua, eskoletan.
00:00, DJ Zuki, eskoletan.
ETZI, larunbata
12:00, Haurrentzako aurpegi margoketa, eskoletan.
12:30, Tortilla lehiaketa, eskoletan. 12:00ak arte jasoko dituzte lehiaketarako tortillak.
Jarraian, Sagardo dastaketa, eskoletan.
15:30-18:30, Haurrentzako puzgarriak, futbol zelaian.
16:00, Apar festa, futbol zelaian.
19:00, Txokolatada, eskoletan.
19:00, Magia ikuskizuna, Manu Magoaren eskutik.
20:00, Zikuñagako danborrada, auzoan zehar.
22:00, Ilargi txaranga, auzoan zehar.
23:30-01:30, Itzal taldearekin erromeria, eskoletan.
02:00, DJ Zuki, eskoletan.
IRAILAK 7, igandea
10:30, Zikuñagako Amaren omenezko meza, ermitan. Euria eginez gero, eskoletan.
13:00, Toka, bote eta igel txapelketak, frontoian.
14:00, Paella-jate herrikoia, eskoletan.
Jarraian, Bingoa, eskoletan.
16:00, Traka eta jaien amaiera, futbol zelaian.