Kontxako Banderan lehiatzeko aukerarik gabe geratu da 'Maialen' trainerua, antolakuntzaren erabakiz. Izan ere, atzera bota dute Hernaniko Arraun Elkartearen parte hartzeko eskaera, baldintza bat betetzen ez duelako: lurraldeko txapelketan parte hartu izana. ETE Liga hasi baino bi aste lehenago jokatu zen Gipuzkoako Txapelketa, eta Hernanik ezin izan zuen parte hartu, trainerua osatzeko lanetan ari zelako oraindik.
Klubak espero zuen Kontxako Banderaren antolakuntzak onartuko zuela parte hartzeko eskaera, ikusita Gipuzkoakoan ez parte hartzea ez zela izan borondate kontua, eta salbuespenak egin izan dituztela. Joan den urtean, esaterako, Isuntzak Kontxan hartu zuen parte, Bizkaiko Txapelketan aritu gabe.
Baina hainbat hartu emanen ondoren, ezezko erantzuna jaso du Hernanik behin eta berriro, eta Kontxan aritu gabe geratuko da aurten. «Pena da, denboraldia bukatzeko opari bat izaten baita. Baina ez dugu tristuraz bukatu nahi, pozik baizik. ETE Ligako azkeneko asteburua gozoa izan zen, Zarautzen egin genuen estropadarekin. Geneukan taldearekin, oso pozik gaude osatu dugun denboraldiarekin», adierazi du Estitxu Zabala klubeko lehendakari eta traineruko arraunlariak. Gainera, eskertu nahi izan dute trainerua beste urte batez uretan aritzeko lan egin duten eta babesa eman duten guztien laguntza ere.
Kontxako sailkatze estropadak, gaur eta bihar
Hernaniren partehartzerik gabe, bihar arratsaldeko 18:00etan jokatuko da emakumezkoen sailkatze estropada, 20 trainerurekin, Kontxako Banderaren bi igandeetan zein arituko diren zehazteko. Gizonezkoena sailkatze proba, berriz, gaur bertan jokatuko da, 18:00etan.