Datorren astean helduko dio Hernanik RFEF Hirugarren Mailako erronkari

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko irailaren 2a

Erronka gogorra bezain polita dauka aurretik Hernaniko nesken talde nagusiak.

Neska berdeen talde nagusiak Eibarren egingo du debuta kategoria berrian, irailaren 12an edo 13an; eta Pauldarraken kontra jokatuko du aurrenekoa etxean, talde igo berria hori ere.

 

Aurreko denboraldian sekulakoa eginda, kategoria berrian egingo du debuta CD Hernaniko nesken futbol talde nagusiak: RFEF Hirugarren Mailan. Ilusioz beteta ekingo dio ligari, hurrengo astean, etxetik kanpo: Eibarren zelaian jokatuko du, irailaren 12an edo 13an. Zubipen, berriz, aski ezaguna duen talde baten kontra hasiko du ibilbide berria: Pauldarrak izango du bisitari irailaren 20ko asteburuan, Hernani bezalaxe aurten igo dena Euskal Ligatik Hirugarren Mailara.

Denera 14 talde ariko dira hernaniarren multzoan, eta beraz, 26 partidu jokatu beharko dituzte, maiatzera bitarte. Kontrarioen mailak eta partiduen zailtasunak ere gora egingo du, noski. Horrela, denboraldiaurreari ekin baino lehenago ere, taldea ondo osatzeko lanetan aritu da kluba. Ez da aldaketarik izango entrenatzaile taldean, eta Mikel Mancisidorren aginduetara ariko dira jokalariak denboraldi honetan ere. Lur Saizar izango da bigarren entrenatzailea, Markel Mayo prestatzaile fisikoa, eta Axel Azpiolea atezainen entrenatzailea.

Jokalarietan bai, aditzera eman du gorabeherarik taldeak. Klubean ibilbide luzea egindako hiru jokalariren agurra iragarri zuen ekainean: Paula Soroetak, Malen Lizarragak eta Eider Gonzalezek ez dute taldean segiko. Baina jokalari berriak ere iritsi dira Hernanira, eta lau fitxaketa iragarri zituzten berdeek, oporraldiaren aurretik: Maddi Anza atzelaria eta Ainhoa Beltran de Heredia aurrelaria etorri dira Antiguokotik, Uxune Gaban atzelaria Eibarretik, eta Nahikari Goicoechea atezaina Landetxatik.

Erronka zaila bezain berezia da berdeek aurretik daukatena, eta oso partidu politak izango dituzte aurretik. Horrela, esaterako, nesken futbolean historikoak diren bi klub izango dituzte kontrario, Oiartzun eta Añorga, biak ere Espainiako Lehenengo Mailan txapeldun izandakoak. Bien kasuan, aurreneko taldea da RFEF Hirugarren Mailan ari dena. Horiez gain, Realaren, Athleticen eta Eibarren hirugarren taldearen kontra ere jokatuko du Hernanik, eta baita Alavesen bigarrenaren kontra ere. 

 

EMAKUMEZKOEN RFEF HIRUGARREN MAILA

HERNANIREN EGUTEGIA

1go jardunaldia

Irailak 13: Eibar-Hernani

2. jardunaldia

Irailak 20: Hernani-Pauldarrak

3. jardunaldia

Irailak 27: Añorga-Hernani

4. jardunaldia

Urriak 4: Hernani-Mariño Real Union

5. jardunaldia

Urriak 11: Hernani-Tolosa

6. jardunaldia

Urriak 18: Deportivo Alaves B-Hernani

7. jardunaldia

Urriak 25: Hernani-Oiartzun

8. jardunaldia

Azaroak 1: Real Sociedad C-Hernani

9. jardunaldia

Azaroak 8: Hernani-Bizkerre B

10. jardunaldia

Azaroak 15: Bilbao Artizarrak-Hernani

11. jardunaldia

Azaroak 22: Hernani-Basauriko Kimuak

12. jardunaldia

Abenduak 6: Elorrio-Hernani

13. jardunaldia

Abenduak 20: Hernani-Athletic C

14. jardunaldia

Urtarrilak 10: Hernani-Eibar C

15. jardunaldia

Urtarrilak 17: Pauldarrak-Hernani

16. jardunaldia

Urtarrilak 31: Hernani-Añorga

17. jardunaldia

Otsailak 7: Mariño Real Union-Hernani

18. jardunaldia

Otsailak 14: Tolosa-Hernani

19. jardunaldia

Otsailak 28: Hernani-Deportivo Alaves B

20. jardunaldia

Martxoak 7: Oiartzun-Hernani

21. jardunaldia

Martxoak 14: Hernani-Real Sociedad C

22. jardunaldia

Apirilak 4: Bizkerre B-Hernani

23. jardunaldia

Apirilak 18: Hernani-Bilbao Artizarrak

24. jardunaldia

Apirilak 25: Basauriko Kimuak-Hernani

25. jardunaldia

Maiatzak 2: Hernani-Elorrio

26. jardunaldia

Maiatzak 9: Athletic C-Hernani

 
 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!