Paulo Aiestaranek jantzi du txapela azkenean, hernaniarren arteko lehian, Oriamendi Txapelketan. Bi anaietan gazteena nagusitu zen larunbateko finalean, Jokin Ugarte zarauztarrarekin batera, Mattin Arluziaga eta Aitor Aiestaran herrikideen kontra. Bi setetan lortu zuten garaipena (15-14 eta 15-7).
Markagailuak erakusten duen moduan, oso ezberdinak izan ziren bi setak. Aurrenekoan parekotasuna izan zen nagusi, eta azkeneko tantoan jokatu zuten dena. Arluziagak eta Aitor Aiestaranek hartu zuten aurrea hasieran (3-6), baina garaiz erreakzionatu zuten Paulo Aiestaranek eta Ugartek, markagailua iraultzeko. Bi anaiak izan ziren protagonista, Paulok bederatzi eta Aitorrek zazpi tanto eginda.
Bigarren setean, ordea, nabarmen nagusitu ziren txapeldunak, eta kontrarioek ezin izan zioten buelta eman aurrenekoan jasotako kolpeari. Paulo Aiestaran ikaragarri aritu zen, gainera, 11 tanto lortuta. Denera 20 tanto eginda, bera izan zen finaleko protagonista nagusia.
Buruz Burukoan aurrera egitea ziurtatu du Barrenetxeak
Larunbateko jaialdian bertan, partidu klabea zeukan Endika Barrenetxea hernaniarrak, Buruz Buruko Txapelketan. Eta ondo erantzun zion konpromisoari: 30-25 menderatu zuen Josetxo Ezkurra, eta torneoan aurrera egitea ziurtatu du, gutxienez semifinala jokatzeko. Izan ere, emaitza horrekin sei puntu dauzka hernaniarrak, eta bakarra doneztebarrak. Karanbola ikaragarria behar luke kanpoan geratzeko.
Irabazi arren, ez zen eroso aritu hernaniarra kantxan, eta ohikoak ez dituen akatsak egin zituen. Horrela, Ezkurrak 1-5eko tartea lortu zuen hasieran, baina azkar eman zion buelta (9-8). Orduan aritu zen ondoen Barrenetxea, eta bost tantoren aldea lortu zuen markagailuan (18-13). Doneztebarrak ez zuen amore eman, ordea, eta 21na berdintzea lortu zuen. Berriro zulotxoa zabaldu zuen hernaniarrak, eta sakez lau tanto segidan eginda, 28-21ekoa jarri zuen, erabakigarria zirudiena. Baina errestotik 22garrena egin eta sakez beste hiru lortuta gerturatu zen Ezkurra berriro (28-25), eta aurreneko jardunaldian jasotako erremontadaren mamuak etorri zitzaizkion burura Barrenetxeari. Ez zen halakorik gertatu oraingoan, zorionez. Bi pelotakada ederrekin iritsi zen 30era, mamu guztiak uxatuta.