Indartsu hasiko da ikasturtea Hernanin, makina bat festa, hitzaldi eta erakusketarekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko irailaren 1a

'Hernaniko haurrak erbestean' erakusketaren irudietako bat.

1936ko gerrako haurrei buruzko erakusketa zabalduko dute datorren astelehenean Biterin, eta auzoetako jaiekin zita bikoitza izango da asteburu honetan bertan, Zikuñagan eta Latsunbeberri-Marielutsen, ostiralean hasita.

Gaur sartu gara irailean, eta ho­rrek berarekin dakar, ezinbestean, ikasturte berriaren hasiera. Ba kulturari dagokionez, oso indartsu hasiko da Hernanin, hilabeteko agendak erakusten duen moduan. 

Batetik, ez duelako martxarik galduko Portun abiatutako festen maratoiak; alderantziz, are indar haundiagoa hartuko du, zita bikoitza izango baita asteburu honetan: Zikuñagan eta Latsunbeberri-Marielutsen os­patuko dituzte auzoko jaiak, hiru egunez. Ostiralean lehertuko da festa bietan, 18:00etan Zikuñagan eta ordu erdi beranduago Latsunbeberrin. Txupinazoaren ondoren, denetik izango da bietan, goizaldera arte; baina asteburuko biak izango dira festen egun nagusiak.

Ez dira horiek izango iraileko festa bakarrak, noski: hilaren 18tik 20ra ospatuko dituzte Euskal Jaiak Hernanin, eta Karabelgo Jaiek hartuko dute erreleboa iraileko azkeneko ostiral eta larunbatean.

Baina festetatik harago, makina bat kultur jarduera, hitzaldi eta erakusketa izango dira hilabete osoan zehar. Hain juxtu, datorren astelehenean inauguratuko dute aurreneko erakusketa, Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak elkarrekin prestatu dutena: 1936ko gerrako haurrei buruzkoa izango da, 'Hernaniko haurrak erbestean' izenburupean, Biterin. Gaurtik 14ra izango dela ageri da buzoietan banatu duten kultur agendan, baina oker dago data: hilaren 7tik 25era egongo da ikusgai.

Geuretik Sortuak proiektuaren azkeneko uztarekin ere jarriko dute erakusketa kultur etxean bertan, eta Inurri elkarteak minbiziaren inguruan landutakoa Kulturarteko Plaza Feministan.

Hitzaldiak eta tailerrak ere dezente izango dira ikasturte hasiera honetan. 1936ko gerrarekin edota minbiziarekin lotutakoak izango dira horietako bi, erakusketetan bildutakoa borobilduz; eta ume txikien gurasoei bideratutakoak izango dira beste zenbait saio.

Merkataritza Festak, Behemendiren Azoka Ibiltariak edota Bigarren Eskuko Azokak postuz beteko dituzte herriko txokoak iraileko bigarren astearen bukaeran, eta mugarrietara ohiko bisita egingo dute irailaren 26an, mendi ibilbidea osatuz. Hurrengo egunean, ohiko beste bisita bat ere izango da, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoek herrira egingo dutena: hilaren 27an eskainiko du­te emanaldia, Atsegindegin, Hernaniko Errugbi Elkarteak antolatuta.

IRAILEKO KULTUR AGENDA HERNANIN

4-6 Latsunbeberriko eta Marielutseko Jaiak

4-6 Zikuñagako Jaiak

7-25 Erakusketa: 'Hernaniko haurrak erbestean', 1936ko gerrako haurrei buruzkoa. Hernaniko Udala eta Aranzadi.

7-10 Historia ikastaroa, Hernani Errotzenen eskutik. 19:30-21:30, Biterin, euskeraz. Izenematea irailak 4 arte, 20 euroan: errotzen@gmail.com

7-19 Kultur ikastaroen (2026-2027) matrikula epea, Biterin eta online (izenaeman.hernani.eus).

7-19 Haurrentzako auzoetako tailerretan izenemate epea, auzo elkarteetan.

10-20 Emakumeontzako Jabetze Eskolan izenemate epea, Kulturarteko Plaza Feministan eta online.

11 Merkataritza Festa: 'Gure erritmoan, gure herrian'. Udala, Berriak eta Ekhilur.

11-17 Erakusketa: Geuretik Sortuak 3ko uzta. Biteriko pasilloetan.

12 Behemendiren Azoka Ibiltaria, 09:00-14:00 Plaza Berrin.

12 Bigarren Eskuko Azoka, 09:30-13:30 Urbieta kalean edo Atsegindegin.

15 Hitzaldia: 'Haurren bidelaguntza gaur egun: zaintza, jolasa eta harremanak', Donna Apellanizen eta Leyre Canoren eskutik. 18:30, Biterin, euskeraz, gaztelaniara itzulpenekin. 5-7 urteko haurrak dituzten familientzat.

16 Hitzaldia: 'Jack de Hernani eta muino gorria; Internazionalistak 1936ko gerran Gipuzkoan', Aitzol Arroyoren eta Aitor Azurkiren eskutik. 19:00 Biterin, euskeraz.

17 'Ziztadak' tailerra, Natalia Martinezen (Balma Studio) eskutik. 18:00-20:00 Urbieta kalean, euskeraz. 16 urtetik gorakoentzat, euskera ikasten ari direnei edo euskera ikasleei bidea erraztu nahi dieten euskal hiztunei zuzenduta.

18-urriak 9 Erakusketa: 'Lagunekin Bai! (Min)bizi; tabuen kutxatik plazara'. Inurri elkartea. Inaugurazio ekitaldia abuztuaren 18an, 18:00etan, Kulturarteko Plaza Feministan.

18-20 Euskal Jaiak

18-urriak 1 Haziera taldeetan izenematea: izenaeman.hernani.eus. 0-5 urteko haurren garapena ulertu, emozioak eta lotura afektiboa zaindu eta erronkei aurre egiteko familiei zuzendutako trebakuntza, Julene Armendarizekin; euskeraz, gaztelaniara itzulpenekin.

18-urriak 1 'Familian zaindu, jolastu, hazi' tailerrean izenematea: izenaeman.hernani.eus. 5-7 urteko haurrak dituzten familien ongizatea, komunikazioa eta harremanak indartzeko espazioa, Donna Apellanizen eta Leyre Canoren eskutik; euskeraz, gaztelaniara itzulpenekin. Sei saio izango dira, irailetik abendura.

24 'Esnatu' foroa, UEMAk euskeraren arnasguneetan martxan jarri duen dinamikaren aurkezpena, Hernaniko Euskararen Kontseiluaren eskutik. 18:00etan Sandiusterrin.

25-26 Karabelgo Jaiak

26 'Mugarri bisita' mendi ibilaldia, Biteritik abiatuta. Izenematea Biterin, irailak 24 arte.

27 Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen emanaldia: 'Zerua lapurtu dute!'. 11:30 Atsegindegin. Sarrerak 9 euroan, online: labur.eus/Zerua. Hernaniko Errugbi Elkarteak antolatuta.

30 Hitzaldia: 'Lagunekin Bai! Zer esan ez badakizu, ekarri kroketak', Inurri elkartearekin. Minbiziaren inguruko iruditeri kolektiboa eraldatzeaz eta gizarte kontzientziatua eraikitzeaz, tabuak hautsiz eta aurreiritziak alde batera utzita. 18:30 Kulturarteko Plaza Feministan.

30 Bertso saio literarioa: 'Euri zitalari esker'. Bertsolariak: Haira Aizpurua, Sustrai Colina eta Alaia Martin. Gai-jartzailea eta idazlea: Itxaro Borda. 19:00 Biterin, euskeraz. Sarrera librea, aforoa bete arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!