Kondaira artean Udalaitzen, kurtsoko aurreneko irteera

Mendiriz Mendi 2026ko abuztuaren 30a

Udalaitz tontorreko ikuspegia, Aizkorri aldera.

Herensugearen mendira egingo du Mendiriz Mendik bere hurrengo irteera, irailaren 6an.

Udalaitz mendia (edo Udalatx), itsas mailatik 1.119 metroko altuerarekin, Debagoiena eta Durangaldea artean kokatua dago, Arrasate herriaren gainean. Bertara egingo du Mendiriz Mendik ikasturte berriko lehenengo irteera, irailaren 6an. Nagusiki, kareharrizko harri gris argiz osatuta dago. Anboto mendiarekin batera zerumuga ederra osatzen du, kilometro askora ikus daitekeena. Beste mendietatik nahiko isolatuta dagoen gailurra izanik eta bere fisionomia zorrotz eta malkartsuagatik, mitologiaz beteriko mendi sakratua da euskaldunentzat, garrantzi sinboliko handiarekin. Mendeetan zehar kondaira, jainkosa eta izaki fantastikoen babesleku izan da.

Herri tradizioak adierazten duenez, Mariren egoitza nagusia Anbotoko kobaundin dago. Hori dela eta, Anbotoko Dama bezala ere ezagutzen da. Hala ere, ez da beti hor bizi. Udalaitz eta Aketegiko kobazulo eta erraietan ere bizi da, mendi horiek eta Anbotoko bizilekua tartekatuz. Kondairak dioenez, Mari bizilekuz aldatzen denean, suzko hodei edo argi-bola baten formarekin egiten omen du hegan zerutik. Eguraldi onarekin Udalaitzeko gailurra laino zuri batez estaltzen denean Mari ogia egiten ari dela dio kondairak.

Arrasateren izenak islatzen duen bezala (Mondragón; dragoiaren mendia), Udalaitz dragoiei buruzko mitoekin ere lotuta dago. Dragoi mitologikoekin herri-sinesmenek aukera izan dute muturreko klimatologiari, baso-suteei eta bestelako hondamendi naturalei azalpenak emateko.

Kondairak dio Udalaitzeko leize sakonetan herensuge beldurgarri bat bizi zela. Izaki horrek inguruko herritarrak eta abereak izutzen eta hiltzen zituen. Aldian-aldian neska gazteak eskaintzen zizkioten sakrifizio gisa, munstro hura hiltzea lortu zuten arte. Kondairaren arabera, haraneko biztanleek herensugea garaitu zuten, sakrifiziorako dontzeila argizarizko panpin batez ordezkatuz, barruan lantza zorrotz bat zuela. Panpina jaten saiatu zenean lantza zorrotzak lepoa moztu eta hil omen zen. Kontakizunaren beste bertsio batean, herriko errementariak lantza zorrotz bat egin eta herensugearen lepoan sartzea lortu zuen, sakrifiziora kondenatutako dontzeila salbatuz. Horrelako kondairetan gertatu ohi den bezala, errementaria dontzeilarekin ezkondu zen.

Mendiaren tontor inguruko harkaitz eta forma bitxiak jentilek sortutakoak direla diote kondairek. Euskal mitologiako erraldoi horiek harri izugarriak botatzen omen zituzten tontor batetik bestera. Gainera, mendia lainoz estaltzen zenean, artzainek esan ohi zuten tontorrean jentilen oihuak eta ahots misteriotsuak entzuten zirela.

Udalaitzen aztarna paganoak eta kristauak bizikide dira. Horrek magikotzat jotzen diren tontorrak kristautzeko prozesu historikoa erakusten du. Gailur nagusiaren aurretik dagoen eremu batean, baseliza baten basamentuen hondakinak ikus daitezke. Jasokundeko santutegi zaharraren erorkinak dira. Santutegia munduko bizitzatik urrun Jainkoari bizia eskaintzeko ermitauek eraikitakoa da. Bertan, isolatuta bizi ziren, mendiaren indar espiritualari lotuta. Inguruan, zulogune baterako sarrera dago, eta bertara jaisteko eskailera labur bat dago, harrian landutako mailak dituena. Haitzuloaren barruan ur biltegi zahar bat dago, iragazpen naturalez elikatzen dena. Monje ermitauek zisterna gisa erabiltzen zuten urez hornitzeko.

Udalaitz ezagutzera gerturatzen den mendizale kopurua ikaragarria da, bai mendi gailurretatik goza daitekeen panorama ikuskatzeko, bai aspaldiko elezahar eta mitoak arnasten direlako.

Honakoa da gailurreko plaka batean dagoen bertsoa:

 

Udala mendi, Udala mendi

Euskal artzik zutunena,

Araba alboan, erdi Bizkai ta

erdi Gipuzko aizena.

Zeruko Jaunak eukiko al au

beti gaur baizen zuzena

eu aizen arte zutunik dadin

euskaldunaren izena.

 

 

Ibilbidearen deskribapena

Udala auzotik irten eta ia hiru kilometro dituen igoerari ekin behar zaio. Bidea argia da eta lainorik ez bada, ez dago galtzeko arazorik.

Auzotik ipar aldera egin behar da pista bati jarraituz. Baso barrutik igotzen hasiko gara, hasieran nahiko pattal, ondoren malkartsuago. Igoera guztian malda nahiko jarraia da. Lasai hartuta, ia konturatu gabe, altuera hartzen joango gara.

Basoa argitzen joango da eta mendiko goi belazeetara irtengo gara. Belaze eta harrien artean Herexako lepora iritsiko gara. Bertatik, ezkerrera eginez, gailurrera igotzeko azken aldapak geratzen dira. Gailurretik bistak zoragarriak dira, bai Bizkaia aldera (Anboto, Gorbea…), bai Gipuzkoa eta Nafarroa aldera (Aizkorri, Aralar…). 

 

UDALAITZ

Herensugearen mendia

DATU INTERESGARRIAK:

Kokalekua: Gipuzkoaren eta Bizkaiaren arteko mugan

Eguna: Irailak 6, igandea

Ordua: Goizeko 08:00etan

Luzera: 12 kilometro

Denbora: 6 ordu inguru

Desnibela: 600 metro gorantz eta beherantz

Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa

Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!