Etxegabetasunaren eta bazterkeriaren arazoa pil-pilean dagoela, ostiralean agerraldia egin zuten Hernaniko eta Errentariako alkateek, Xabier Lertxundik eta Aizpea Otaegik; eta adierazi zuten, «sarri egin diren adierazpenetan esan edo sugeritu direnen kontra, etxegabetasunaren eta bazterkeriaren aurka eta gizarte kohesioaren alde egitearekin irmoki konprometituta» dauden bi udalerri direla. Nabarmendu zuten, gainera, konpromiso hori ez dela «hitzezkoa» bakarrik, eta horren adibide aipatu zituzten bi udalek arazo horren lanketara bideratutako diru partidak, beste erakundeekin deitutako bilerak, Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaian egindako lana, Aldundiarekin batera eskualde mailan egindako lanketa...
Adierazi zuten, «udalerri-mugarik ezagutzen ez duen fenomeno sozial larria» dela, «erantzun irmoa» eskatzen duena erakundeen eta gizartearen aldetik, eta «politika eraginkorrak» behar dituena. Zentzu horretan, «prestutasun osoa» adierazi zuten Donostiako alkateak deitutako ekimenean parte hartzeko; baina «guztiok» hainbat konpromiso hartzeko deia egin zuten: «Utzi ditzagun alde batera alkate protagonismoak eta alderdi interesak, eta egin dezagun lan argazkietatik eta hedabideen fokuetatik kanpora. Albora ditzagun beste udalerrien konpromisoa kuestionatzen duten adierazpenak, are gehiago, egiazkoak ez diren mezuak helaraziz. Eta egin dezagun lan hirugarren sektorearekin eta eragile sozialekin batera».
Azkeneko gogoeta bat ere planteatu nahi izan zuten agerraldian: «Ez ote da eraginkorragoa Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Mahaitik sortutako Gizarte Inklusiorako batzordearen markoan lanean jarraitzea? Eta ez ote da 2018ko estrategia berritzeko unea, ikusita gure kaleetako etxerik gabeko pertsonen kopurua %20 murrizteko helburua bete ez, eta errealitateak beste norabait eraman gaituenean? Behar dugu EAE mailako estrategia errealista, partekatua, eguneratua eta behar adinako aurrekontua duena».