'Ze txikia den mundua!' esaldiak, ziurrenik, uda partean joko du goia, oporraldian denak batera eta bestera bidaiatzen hastean. Zeinek ez du topatu herriko beste norbait hemendik oso urruti, gutxien espero zuen tokian?
Ba horixe bera gertatuko zitzaion hernaniarren bati, aurten, Salamancako El Sahugo herrira joan eta pistinara frexkatzera joan izan balitz. Beharbada, aurreko esaldia esan ordez, 'zer demontre egiten dute horiek hor?' galdetuko luke. Hernaniko hiru gazte, pistinako tabernan lanean.
Kuriosoa da kontua, baina halaxe pasa dute udara Oier Alegriak, Joseba Indabereak eta Iker Salaberriak, 21 urterekin. Eta baita Beñat Garmendiak ere, azkeneko bi asteotan, aurreneko biei laguntzera joan denean, Ikerrek bueltatu behar zuela eta.
Mundua horren txikia dela eta, lasartear baten bitartez jakin genuen hiru hernaniar ari zirela bertan, eta El Sahugoko udaletxearekin harremanetan jarri, nor ote ziren deskubritzeko. Eta hara non azaldu zitzaigun Oierren izena. Berak kontatu dizkigu istorio bitxi honen nondik norakoak.
«Hasieran, tabernara 15 pertsona etorritakoan urduri jartzen ginen»
Oso herri txikia da El Sahugo, Salamancako hego-mendebaldean, Espainiaren eta Portugalen arteko mugatik gertu. Iazko erroldaren arabera, apenas dauzka 178 biztanle, baina populazioa bikoiztu egiten da udarako aste potenteenetan: bertako festak izaten dira abuztuko lehenengo hamabostaldian, eta baita inguruko herrietakoak ere.
Garai horretantxe joan da bertara Oier Alegria urtero-urtero. Familiako lotura dauka El Sahugorekin, amona bertakoa izanik, Euskal Herrira gazte etorri zen arren. Eta duela urte batzuk, Oierren lagunek ezagutu zuten herria, berak gonbidatuta: pandemiaz geroztik hainbatek joateari utzi zioten, eta bazegoen tokia. «Gustatu egin zitzaien, eta urtero etortzen jarraitu dute».
Hortik pistinako taberna hartzera, ordea, badago puska bat. «Gutako bat Akarregi sagardotegian aritutakoa da, baina gainerakoan ez daukagu esperientziarik ostalaritzan. Edonola ere, askotan komentatu izan dugu pistinako taberna hartzearena, eta juxtu joan den urtean itxita egon zen, ez zuelako inork hartu. Galera haundia izan zen herriarentzat, eta aurten guk hartzea erabaki genuen».
Uztailaren 1ean zabaldu zuten taberna, eta datorren astelehenean, abuztuaren 31n, bukatuko dute bi hilabeteko jarduna. «Gogorra izan da, nekatu xamar gaude dagoeneko», aitortu du Oierrek. Baina «gustura» aritu dira bertan, hasieran kosta zitzaien arren: «Berde xamar geunden aurreneko asteetan, eta tabernara 15 pertsona etorritakoan, urduri jartzen ginen. Pixkanaka hartu dugu erritmoa, eta ondo moldatu gara. Uztailaren bukaeran hasi zen etortzen jende gehien herrira, festetarako, baina nahiko ondo moldatu ginen orduan ere».
Garai lasaiagoetan txandaka aritu dira, bakoitzak ordu batzuk libre izateko, eguerditik iluntzera arte izan baitute taberna zabalik. Baina aste potenteenetan hirurak aritu dira aldi berean, eta lanak banatu egin dituzte: bat sukaldean aritu da gehienbat, beste bat barran, eta hirugarrena momentu bakoitzeko beharrei erantzuten. Izan ere, edatekoa ez ezik, jatekoa ere eskaini dute tabernan: bokatak, pizzak eta plater konbinatuak.
«Batzuek detaile txikiena ere kritikatzen dute, baina gehienek asko eskertu digute taberna ireki izana»
Barraren bestaldetik, hainbatek zorrotz aztertuko zuten zer moduz moldatzen ziren hiru gazte hernaniar horiek. «Badira batzuk detaile txikienarekin ere kritika egiten dizutenak, baina gehienek asko eskertu digute taberna hartu eta irekita eduki izana, baloratu egin dute», azaldu du Oierrek.
Aurtengo esperientziak, ostalaritzan murgiltzeko ez ezik, herria gehixeago ezagutzeko ere balio izan dio berari. Udaran pare bat astez joatera ohituta, dezente luzatu du egonaldia aurten, eta ikusi ditu populazioaren gorabeherak eta bertako bizimodua: «Uztailaren hasieran oso jende gutxi zegoen hemen, batez ere herrian bertan bizi direnak. Pixkanaka hasi zen jende gehiago etortzen kanpotik, eta gehienak uztailaren bukaeran eta abuztu hasieran iritsi ziren, festa garairako. Bikoiztu egiten da populazioa 10 bat egunez, baina behin festak pasata, abuztuaren erdialdetik aurrera hustu egiten da berriro, eta kasik uda hasierakoak geratu gara». Euskal Herritik joandakoak badira hainbat familia, Errenteriatik asko, baina baita Lasarte-Oriatik edota Bizkaia aldetik ere.
El Sahugorekin lotura duten askorentzat bezala, urteroko plan fijoa izaten da Oierrentzat, bertara joatea: «Nik lagunak dauzkat herrian, eta oso gustura egoten naiz. Arazo guztiak ahazten ditut, eta deskonektatu egiten dut. Aurten lanean arituta, gainera, beste ezertan pentsatzeko aukerarik ere ez dugu izan».
Ez pentsatzeko, eta ezta kirol askorik egiteko ere. Eta hori sumatuko dute orain Oierrek eta Josebak, bueltatzen direnean. Hernaniko eskubaloi taldean ari dira biak, eta berandu iritsiko dira denboraldiaurrera, Gipuzkoako lehenengo mailako debuta prestatzeko: «Duela bi aste hasi ziren entrenatzen taldekideak, eta guri sufritzea tokatuko zaigu bueltatzen garenean! Hemen izan ditugun tarte libreak, deskantsatzeko izan dira juxtu-juxtu».
Kontuak kontu, esperientzia berri bat bizita eta El Sahugon pasatako uda bereziarekin pozik itzuliko dira Hernanira.