Jaialdi ederra izango da biharkoa, Galarretan. 15:15etan hasita, hiru partidu jokatuko dira, zein baino zein ederragoa. Oriamendi Txapelketaren finala izango da azkenekoa, hiru hernaniar tartean direla: Mattin Arluziaga eta Aitor Aiestaran elkarrekin; eta Paulo Aiestaran, Jokin Ugarte zarauztarrarekin.
Lehia haundiko partidua espero da, ikusgarria izan baitzen ligaxkan elkarren kontra jokatu zuten partidua: set bana irabazi ondoren, desenpatean 8-7 nagusitu ziren Paulo Aiestaran eta Ugarte. Gerora, baina, Mattin Arluziaga eta Aitor Aiestaran izan ziren ligaxkako aurreneko postua eta finalerako txartel zuzena eskuratu zutenak. Semifinala irabazita sailkatu ziren Aiestaran VII eta Ugarte II.
Bi bikoteek antzeko pelotak aukeratu zituzten asteartean, ez biziegiak baina ezta motelak ere; eta peloteo luzeko partidua espero da biharko finalean.
Endika Barrenetxeak partidu klabea, Ezkurraren kontra
Finalaren aurretik, Buruz Burukoaren ligaxkako bigarren partidua jokatuko du Endika Barrenetxea hernaniarrak, Josetxo Ezkurraren kontra. Biek jaso zuten porrota aurrenekoan, eta kasik hil ala bizikoa izango dute biharkoa. Irabazten duenak bizirik segiko du finalerako txartel zuzena edo, gutxienez, semifinalerako bi txarteletako bat eskuratzeko lehian.
Galtzen duenari, berriz, asko zailduko zaio aurrera egitea. Barrenetxeak, sikiera, bi puntu pilatu zituen aurreneko partiduan, Azpirozen kontra 28 tanto lortu baitzituen. Ezkurrak, ordea, ez zuen punturik eskuratu Juanenearen kontrakoan, 19an geratu baitzen.
Biei geratuko zaie hirugarren partidu bat ligaxkan. Baina bihar jokatuko dute beraien aukeren zati haundi bat.