Gaztetxoak izango dira protagonista gaur, Portuko Jaien estreinakoan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 28a

Portuko buruhaundiak ez dira txorakeriatan ibiltzen; ez diete karameluak lasai biltzen ere uzten gaztetxoei.Ea zaku karreran zer moduz moldatzen diren aurten!

Denetik izango dute, festen aurreneko egunaz gozatzeko: haur parkea, marrazki eta pintura lehiaketa, buruhaundiak, jokoak eta txokolatada. Sardin jatera eta Alaikiren emanaldira arrimatuko dira helduak.

Gaur hasiko dira Portuko Jaiak, eta urtero bezala, ez dute arratsaldera arte itxarongo martxan jartzeko. Goizetik hasita izango dituzte ekintza ugari, bereziki gaztetxoak protagonista direla. Denetik izango dute egun osoan zehar, auzoko festen estreinakoaz gozatzeko. 

Marrazki eta pintura lehiaketarekin ekingo diote; haur parkeko puzgarri, ohe elastiko eta abarretan dibertitzeko aukera izango dute ondoren, eta buruhaundien aurretik korrika ibiliko dira eguerdian, jaien hasierako suziriak botatakoan. Arratsaldean ere ez dira geldirik egongo, zaku karreretan, lokotxak biltzen edota aulki jokoan ariko baitira batera eta bestera. Txokolatadarekin borobilduko du­­te eguna.

Horren ondoren batuko dira heldu asko festara, sardinen usaiak eta Alaikiren musika doinuek erakarrita. Baina egunean zehar izango dituzte beste bi hitzordu berezi, biak ere Mikel Valdivia 'Txapete' zena omentzeko: lore eskaintza egingo diote 11:30etan, eta haren omenezko lorontzi lehiaketa egingo dute arratsaldeko 18:00etan.

Gauerdia pasata ere luzatuko da festa, baina ezingo dituzte kartutxo guztiak erre gaurkoan, are indartsuago baitatoz asteburuko bi egunak. Bihar bertan izango dira, esaterako, zinta lasterketa eta asto paseo klasikoak, jendetza erakarriko dutenak. Saskibaloi eta tiro karabina txapelketak ere izango dira goizean, eta Oier magoaren emanaldia eta pintxo-pote berezia arratsaldean. Itzal taldearen dantzaldi bikoitzak borobilduko du bigarren eguna, igandeko sagardo dastaketa, bazkari, herri kirol, bertso saio, musika eta abarren aurretik.

PORTUKO JAIETAN GAUR

ABUZTUAK 28, ostirala

10:00, Marrazki eta pintura lehiaketa.

11:00-13:30 Haurren Parkinga: puzgarriak, ohe elastikoak, parke txikia eta olla.

11:30, Txapeteri lore eskaintza. 

12:00, Jaien hasiera, suzirien jaurtiketarekin. Aldi berean, buruhaundi eta txistularien irteera, auzoan zehar.

13:00, Auzoko gazteek egindako marrazkien erakusketa. 

16:00-19:00, Haurren Parkinga. 

17:00, Haur jokoak: zaku karrera, aulki jokoak, lokotxak, uraren eta irinaren jolasa...

18:00, Txapeteren omenezko lorontzi lehiaketa.

Ondoren, Txokolatada.

20:00, XXXIV. Sardin jate
herrikoia. 

23:00, Alaiki musika taldea. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!