Gaur eta bihar jokatuko dira Lizardi Sariko kanporaketak, Zarautzen. Bertso sariketa ezagunean, 16 bertsolari ariko dira kantuan, bi saiotan banatuta, finalerako sei txarteletako bat lortu nahian; eta Ekain Tolaretxipi hernaniarra izango da horietako bat. Bihar kantatuko du Tolaretxipik, gaueko 22:00etan hasita, Zarauzko Santa Klara konbentuan, beste zazpi bertsokiderekin: Eki Mateorena leitzarra, Haira Aizpurua sararra, Mikel Etxezarreta olaberriarra, Martin Abarrategi aramaioarra, Suhar Gesalaga azpeitiarra eta Irantzu Idoate hazpandarra. Maite Aizpurua izango dute gai-jartzaile.
Beste kanporaketa ordu eta toki berean jokatuko da gaur, eta zortzi bertsolari ariko dira horretan ere. Saio bakoitzeko irabazleak txartel zuzena lortuko du finalerako, eta gainerako lau txartelak puntuazioaren arabera banatuko dituzte.
Finala irailaren 4an izango da, ostiralez, Zarauzko Modelo aretoan, gaueko 22:00etan hasita hori ere. Horretarako sarrera doakoa izango da, baina ordubete lehenago eskuratu beharko da gonbidapena, aretoko takillan bertan.