Joan den abuztuaren 17an, arratsaldez, Donostian paseatzen ari nintzela, ezker oineko 2. behatzan mina hartu nuen. Hasiera batean, ez nion garrantzirik eman, pasatuko zela pentsatuz, eta paseatzen jarraitu nuen.
Handik gutxira, hatzamarrak min handia ematen zidan, morea jarri zitzaidan, eta gertu nengoenez, Bengoechea kaleko Sorospen Gelara hurbildu nintzen.
Lehen aldia zen han sartzen nintzela, ez nekien nola funtzionatzen zuen.
Harreran esan zidaten niri ez zegokidan arren, Hernaniko Larrialdietan medikurik ez zegoela ikusita, kasu egingo zidatela.
Kontsultan sartu nintzenean, medikua edo erizaina zenik identifikatzen jakin ez nuen emakume batek, oso lehor, hara joateko arrazoiaz galdetu zidan.
Azaldu nion. Ez zuen nire hatzamarra ikusteko interesik azaldu.
Hala ere nik sandalia kendu eta erakutsi egin nion.
Begirada bat bota zion, eta izotza jartzeko esaten hasi zitzaidanean, eten nion ea ez ninduen haztatuko galdetuz.
Gogo txarrez eskularru bat jantzi eta ukitu bat eman zidan hatzean. Mina sentitu nuen.
Esan zidan hurrengo egunean Hernaniko anbulatoriora joateko nire medikuari erradiografia bat egiteko bolante bat eskatzera, eta Ibuprofeno hartzeko.
Nik galdetu nion ea behatza hautsita ote zegoen.
Berak ezin zuela jakin esan zidan, ez zuela X izpirik.
Izotza daukazue? Galdetu egin nion. Ezetz.
Eta benda bat jarri? Ezta ere. Ukendurik ere ez kolpeak arintzeko. Ezer ere ez!
Beraz, fisikoki atera nintzen, sartu nintzen bezalaxe.
Animoa aldiz, deshumanizazio sentsazio batekin.
Ez da onargarria Donostiak –batez besteko errenta pertsonala 31.000€ baino gehiagokoa dena, horren erdigunean osasun-arreta negargarria eskaintzea, bai baliabide material oinarrizkoen faltan baita tratu gizagabe mailan.
Albaitariek animaliak hobeto tratatzen dituztela esango nuke.