Udako Zinemaldia izango da datorren astean Goiz Eguzkin, eta Fidel Castro ekarriko dute gogora

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 27a

'Voces con Fidel' liburuaren portadako irudia.

Potemkin Zinema taldeak antolatuta, irailaren 3an, 4an eta 5ean eskainiko dute film bana, gaueko 21:00etan hasita, jubilatuen elkarteko kanpoaldean. 'Voces con Fidel' liburua ere aurkeztuko dute ostiraleko saioaren hasieran.

Beste urte batez, Udako Zinemaldiaz gozatzeko aukera eskainiko du Potemkin Zinema taldeak, datorren astean. Irailaren 3an, 4an eta 5ean eskainiko du pelikula bana, ostegunetik larunbatera, Goiz Eguzkiko kanpoaldean. Gaueko 21:00etan hasiko dira saioak, eta egunen batean txarra egingo balu, jubilatuen egoitzaren barruan izango litzateke emanaldia.

Aurtengo edizioa «berezia» izango dela nabarmendu dute antolatzaileek, Fidel Castro izango baitute gogoan. Hain juxtu, abuztuaren 13an bete ziren 100 urte kubatarraren jaiotzatik, eta berari eskainiko diote ostiraleko saioa, irailaren 4koa. Horrela, saio horren hasieran 'Voces con Fidel' liburua aurkeztuko dute, eta ondoren, 'Fidel y la causa Palestina' bideo-erreportajea jarriko dute.

«Kubako Iraultzaren lider historikoaren figurari eta pentsamenduari buruzko liburua da 'Voces con Fidel', eta mundu osoko intelektual, aktibista eta politikariek hartu dute parte. Bakoitzak bere ikuspegi pertsonal, politiko, artistiko edo akademikoa eman du, Fidel unibertsala delako; eta bere ondareak bizirik jarraitzen duen ideia indartzen du», azaldu du Potemkin taldeak. Jose Manzaneda kazetariak aurkeztuko du liburua, Kubarekin elkartasun mugimenduko aktibista eta Cubainformación hedabidearen koordinatzaile denak. Potemkinek jakinarazi duenez, Kubako energia kanpainarako izango da liburuaren salmentatik lortutako dirua, «Habanako William Soler ospitale pediatriko kardiologikoaren elektrifikazioan laguntzeko».

 

Ali Primera kantautorea, Palestina eta Fidel Castro protagonista, filmetan

Hiru pelikula jarriko dituzte aurtengo zinemaldian. Venezuelara egingo dute bidaia aurrenekoarekin, ostegunean: 'Ali Primera' filma jarriko dute, kantautore venezuelarrari buruzkoa, Daniel Yegresek zuzenduta. Pelikulak kontatzen ditu «herriaren kantaria eta desjabetuen kausarekin konprometitutako artista zena, Venezuelako mugimendu haundienaren liderra izatera eraman zuten ekitaldi historikoak».

Ostiralean, berriz, 'Fidel y la causa Palestina' bideo-erreportajea jarriko dute liburuaren aurkezpenaren ondoren, TeleSurrek aurten sortu duena.

Eta larunbatean, azkenik, 'Palestina 36' filma izango da ikusgai, Annemarie Jacirrek zuzendutakoa. 1936an dago kokatuta filma: «Palestina kolapsatzear dago. Britainiar Agintaldiaren aurkako erresistentzia ari da hazten Europatik datozen juduen etorreraren erritmo berean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!