Urteroko 'menua', famili giroa eta umorea ostiraletik igandera, Portuko Jaietan

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 26a

73garren edizioa izango du aurtengoa, Portuko asto paseo klasikoak, pertsonaia xelebreenekin.

Datorren asteburuan ospatuko dituzte San Joan Txiki jaiak auzoan, abuztua beti bezain ondo bukatzeko. Goizean goizetik izango dira ekintzak ostiralean, eta gauerditik aurrera luzatuko da festa, hurrengo bi egunetan bezala.

Ezin da abuztu bukaerarik irudikatu Hernanin, Portuko Jaietan pentsatu gabe. San Joan Txikien egitarauari erreparatu besterik ez dago, konturatzeko zenbat eta zenbat edizio bete dituzten auzoko zenbait jarduera berezik: aurretik daukaten zenbaki erromatarrak asmatzen ez da horren errexa, e!

Tira, asko oporretan izango zarete oraindik, eta ez dizuegu buruhauste haundirik eman nahi: 73garren edizioa beteko du asto paseo klasikoak, 50garren urteurren borobila izango du toka eta bote txapelketak, eta 34garrenez egingo dute sardin jatea. Atera kontuak...

Aspaldidanik egitarauan ageri diren horiez gain ere, ez da aldaketa haundirik izango jaietan. Ondo funtzionatzen duena, zertarako aldatu? Urteroko 'menua', famili giro jatorra eta umore ona topatuko ditu ostiraletik igandera Portura gerturatzen denak.

Goizean goizetik hasiko dira jarduerak etzi, festen aurreneko egunean. Marrazki eta pintura lehiaketarekin eta haurrentzako jolasekin ekingo diete, Mikel Valdivia 'Txapete' zenari ohiko lore eskaintza egin aurretik. Eguerdian izango da jaien hasiera ofiziala, eta sardin jatea tarteko, gauerdia baino hareago luzatuko da festa ostiralean bertan, hurrengo bi egunetan bezalaxe. Ohi bezala, larunbat arratsaldean izango da asto paseoa, eta igande eguerdian sagardo dastaketa.

PORTUKO JAIAK

EGITARAU OSOA

ABUZTUAK 28, ostirala

10:00, Marrazki eta pintura lehiaketa.

11:00-13:30 Haurren Parkinga: puzgarriak, ohe elastikoak, parke txikia eta olla.

11:30, Txapeteri lore eskaintza. 

12:00, Jaien hasiera, suzirien jaurtiketarekin. Aldi berean, buruhaundi eta txistularien irteera, auzoan zehar.

13:00, Auzoko gazteek egindako marrazkien erakusketa. 

16:00-19:00, Haurren Parkinga. 

17:00, Haur jokoak: zaku karrera, aulki jokoak, lokotxak, uraren eta irinaren jolasa...

18:00, Txapeteren omenezko lorontzi lehiaketa.

Ondoren, Txokolatada.

20:00, XXXIV. Sardin jate
herrikoia. 

23:00, Alaiki musika taldea. 

ABUZTUAK 29, larunbata

08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin. 

11:30, Haur jokoak: zaku karrera, aulki jokoak, lokotxak, uraren eta irinaren jolasa...

13:00, Zinta lasterketa, izugarrizko opariekin.

Jarraian, Tiro karabina
txapelketa. 

Aldi berean, Saskibaloi
txapelketa.

16:30, Umeentzako tailerrak. 

18:00, LXXIII. Asto paseoa, Zintzarri tabernak babestuta. 

Ondoren, Oier magoaren
ikuskizuna. 

Ordu berean, Pintxo-potea txosnan (arroka-muskuiluak).

Jarraian, Umeentzako dantzaldia, Itzal musika taldearekin.

Ondoren, Afaltzera, gauerako indarrak hartzeko. 

00:00, Dantzaldia, Itzal musika taldearekin. 

ABUZTUAK 30, igandea

08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin. 

09:30, Diana txistulariekin. 

12:00, Meza, auzoko hildakoen alde, Hernaniko parrokian. 

12:30, Sagardo dastaketa solidarioa: Bildutako dirua Aurrera Markelekin elkartearentzat izango da. Partehartzaileak: Altzueta, Oialume Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas Buru, Rufino eta Gurutzeta.

13:00, L. Toka eta Bote txapelketa. Apuntatzeko epea 12:50etan amaituko da. 

14:30, Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik. Txartelak Pedro Mari tabernan salgai bihar arte. 

18:30, Herri kirol saioa, Akelenea jatetxeak babestuta eta bertsolariek girotuta.

Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Nerea Arruti, Iker Vicente eta Eneko Saralegi.

Bertsolariak: Andoni Mujika 'Anatx' eta Andoni Rekondo.

Jarraian, Komerik taldearekin dantzaldia. 

00:00, Jaien amaiera, Komerik taldearekin: zezensuzkoa eta azken traka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!