Ez dio nahi bezala ekin Endika Barrenetxea hernaniarrak, Buruz Buruko Txapelketari. Larunbatean jokatu zuen ligaxkaren aurreneko partidua, Xabi Azpirozen kontra; eta 28-30 galdu zuen, aurreneko zatian sekulako abantaila izan zuen arren. Gauzak horrela, uitziarrak eskuratu ditu lau puntu, Aritz Juanenearekin berdintzeko sailkapenaren buruan; eta bi punturekin geratu da hernaniarra, 28 tantora iritsita.
Nahiko parekatuta hasi zen partidua, erritmo gutxirekin; baina 4-5ekoaren ondoren 13 tanto segidan lortu zituen Barrenetxeak. Saketik asmatu zuen, peloteoan ere nagusitu egin zen, eta zulo haundia zabaldu zuen, uitziarraren akatsak ere baliatuz. 22-11 ere izan zen aurretik hernaniarra, baina hortik aurrera erabat aldatu zen partidua: dena atera zitzaion ondo uitziarrari, eta asko sufritu zuen hernaniarrak, erritmoari eutsi ezinik. Konturatzerako hiru tantora gerturatu zen Azpiroz (23-20), 24na berdindu zuen gero, eta 25-26 hartu zuen aurrea. Egoerari buelta emanez, hiru tanto segidan lortu zituen Barrenetxeak (28-26), baina bereari eutsi zion uitziarrak, eta lau tantorekin borobildu zuen erremontada (28-30).
Paulo Aiestaranek eta Jokin Ugartek txartela, Oriamendi Txapelketaren finalerako
Larunbatean bertan jokatu zen Oriamendi Txapelketaren semifinala ere, bi hernaniarren arteko lehiarekin; eta Paulo Aiestaranek lortu zuen finalerako txartela, Jokin Ugarte zarauztarrarekin batera: desenpatean menderatu zituzten Julen Deskarga hernaniarra eta Oier Eskudero andoaindarra (15-12, 9-15 eta 8-6).
Horrela, Aiestaran anaien arteko lehia izango da finalean, eta hiru hernaniar guztira. Izan ere, Mattin Arluziaga eta Aitor Aiestaran zeuzkaten zain, txartela zuzenean lortu ondoren, ligaxka aurreneko postuan bukatuta. Gaur aukeratuko dituzte finalerako pelotak, eta larunbatean jokatuko dute finala, hasiera batean gaurko iragarrita zegoen arren. Arratsaldeko 15:15etan hasiko da jaialdia Galarretan, eta bertan jokatuko du Endika Barrenetxeak ligaxkako bigarren partidua ere, Josetxo Ezkurraren kontra.