Hiru arraunlari hernaniar txapeldun Euskotren eta ETE ligetan, Arraun Lagunakekin eta Hondarribiarekin

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 25a

Maider Perez eta Maider Garmendia hernaniarrak pozik, Hondarribiako Kofradiako balkoian, igande arratsaldean herrian egin zieten harreran.

Maren Etxabek Arraun Lagunakekin lortu du balentria maila gorenean, bandera guztiak irabazita; eta ETE Ligan nagusitu dira Maider Garmendia eta Maider Perez, Hondarribiarekin. Hernanik, bere aldetik, sekulako estropada egin zuen Zarautzen, eta laugarren sailkatu zen.

Joan den asteburuan bukatu dira traineru denboraldiko bi ligak, emakumezkoetan; eta bi kasuetan izan da hernaniarrik, txapeldunaren tostetan. Maila nagusian, Euskotren Ligan, Maren Etxabe herritarrak lortu du balentria, Arraun Lagunakekin, bandera guzti-guztiak irabazita. Hernaniarra 16 estropadatatik 14tan aritu da arraunean. Orain, Kontxako Banderan borobildu nahi dute denboraldi zoragarria.

ETE Ligan, berriz, Hondarribia izan da txapeldun, bi hernaniar tartean: Maider Garmendia patroi lanetan, eta Maider Perez proel edo aurrekalari gisa. Lehia oso estua izan dute Zarautzekin, eta azkeneko estropadan jokatu zuten ligako garaipena, igandean Bilbon. Bezperan zarauztarrak nagusitu ziren etxean, eta puntu bakarreko aldearekin iritsi ziren Bilbora, hondarribitarren alde. Traineru berdeak lortu zuen garaipena Ibaizabal ibaian, 10 segunduko aldearekin; eta bandera eta liga eskuratu zituen horrela. Harrera egin zieten arratsaldean, Hondarribian. Irailean jokatuko dute igoerako play offa, Bermeon eta Portugaleten, Zarautzekin eta bi traineru galiziarrekin batera.

Hernanik zazpigarren bukatu du liga, Zarautzen estropada haundia jokatuta

Hernaniko 'Maialen' traineruak ere ederki bukatu du ETE Liga. Sekulako estropada jokatu zuen larunbatean Zarautzen, eta laugarren postuan sailkatu zen, bere txanda irabazita, Isuntzarekin segundu bakarreko aldearekin; eta txanda nagusian aritu zen Kaiku ere menderatuta.

Igandean, berriz, zazpigarren izan zen Bilboko azkeneko estropadan, eta postu horretantxe bukatu du ETE Liga.

Kontxako Banderaren sailkatze estropadari begira izango dira orain, bere maila onena erakutsi eta ezusteko eder bat emateko gogotsu. Itsaso zabaleko estropadetan moldatu dira ondoen uda honetan...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!