«Oso larria iruditzen zaigu herritarrok ez jakitea zein egunetan izango den medikurik larrialdietan»

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 25a

Dozenaka herritar Hernaniko anbulatorioaren aurrean, joan den ostegunean egin zuten kontzentrazioan.

Elkarretaratzea egin zuten joan den ostegunean, Hernaniko anbulatorioaren aurrean, salatzeko bertako lehen arretan eta larrialdietan dauden gabeziak. Herrian osasungintza publikoaren aldeko plataforma sortzeko deia ere egin zuten.

Dozenaka lagun bildu ziren ostegun arratsaldean, Hernaniko anbulatorioaren aurrean, Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformak (DOPA) deituta. Kontzentrazioa egin zuten, salatzeko bertako lehen arretan eta larrialdietan «pairatzen dugun egoera, duela hiru urtetik: noizbehinka eta nahiko maiz, hiru egunetik behin medikurik gabe egiten dute lan larrialdi zerbitzuetan. Oso larria iruditzen zaigu herritarrok ez jakitea zein egunetan izango den medikurik eta zein egunetan ez», gaitzetsi zuten.

Nabarmendu zuten, gainera, hainbat anbulatoriotan larrialdi zerbitzua itxi dutela, Lasarte-Orian adibidez: «Hernanira etorri behar izaten dute Lasartetik eta Usurbildik, eta askotan topatzen dute ez dagoela medikurik». 

«Gure eskubideak galtzen ari gara, eta ohitzen ari gara eskubide gutxiago izatera», adierazi zuten: «Ohitzen ari gara medikurik ez izatera eta beste zentro batera joatera; eta bestela, zentro pribatu batera. Horixe da nahi dutena. Ez da kasualitatea aseguru pribatuek hainbesteko gorakada izatea pandemiatik hona».

Horren aurrean, diote «gertatzen ari diren kasu guztiak salatu» behar direla, «osasungintza publikoa gurea delako». Eta herritarrak animatu zituzten Hernanin bertan plataforma bat osatzera, osasungintza publikoaren alde.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!