Garaipenarekin hasi nahi du Buruz Buruko ligaxka Barrenetxeak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 22a

Endika Barrenetxea.

Azpirozen kontra jokatuko du estreinakoa gaur, 16:30etan hasita Galarretan. Oriamendi Torneoko semifinala ere izango da jokoan.

Pelotazaleek hitzordu polita daukate gaur arratsaldean, Galarretan. Izan ere, bi partidu garrantzitsu jokatuko dira 16:30etatik aurrera, bi torneo ezberdinetan.

Batetik, Buruz Buruko Txapelketak ligaxkako bigarren jardunaldia izango du, Endika Barrenetxea hernaniarraren debutarekin. Xabi Azpiroz uitziarra izango du kontrario, aurreneko puntuen bila. Ligaxka laburra izanik, funtsezkoa da ondo hastea, finalerako txartel zuzena lortzeko bidean. Hernaniarra izango da faborito gaurkoan, baina buruz buruko aurreneko partiduak beti dira arriskutsuak.

Jaialdiko beste partidu garrantzitsua Oriamendi Txapelketako semifinala da. Horretan, gainera, bi hernaniar ariko dira aurrez aurre: Julen Deskarga, Aritz Eskuderorekin batera; eta Paulo Aiestaran, Jokin Ugarterekin bikotea osatuta. Ligaxkan bigarren eta hirugarren postuetan sailkatutako bikoteak dira, eta finalerako bigarren txartela daukate jokoan. Aurrenekoa dagoeneko eskuratu zuten Mattin Arluziaga eta Aitor Aiestaran hernaniarrek, ligaxka aurreneko postuan bukatu baitzuten. Datorren asteartean jokatuko dute finala, abuztuaren 25ean.

Jaialdia osatzeko, maila ederreko hirugarren partidu bat prestatu dute gaurkoan: Segurola eta Juanenea, Aldaberen eta Larrañagaren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!