«Ilusioz eta baikortasunez» helduko dio Hernaniko Eskubaloi Taldeak 2026-2027 denboraldiari, eta espero dute «hazteko eta sendotzeko» sasoia izango dela aurrean daukatena. Izan ere, nabarmendu du «ziklo positiboa» bizi duela, eta taldea hedatzen ari dela, iraganeko pozak eta arrakastak errepikatzeko lanean. Bide horretan, bereziki esanguratsua izan da klubeko mutil seniorrek Gipuzkoako lehenengo mailara igoera lortu izana, joan den denboraldian. Gauzak horrela, lurraldeko maila nagusian debuta egingo dute aurten.
Neska seniorrek ere, igoerako play offa jokatzea izango dute erronka, maila horretara iritsi nahian, taldeak soilik bigarren urtea duen arren, iaz berreskuratu zutenetik. Eta harrobia ere «indartsu» dagoela adierazi du klubak, urtez urte haunditzen, gaur egun 200 jokalari baino gehiago izateraino, kategoria guztien artean, zortzi taldetan banatuta.
Kantxan bakarrik ez, bulegoko lanean ere zuzendaritza berria «esperientzia hartzen» ari dela azaleratu dute, eta horren adibide da Gipuzkoa eta Euskadi mailako partidu eta ekitaldi haundiak izan direla Hernanin, kiroldegiko harmailak betez.
Egoera horretan, aurredenboraldia martxan dute bi talde seniorrek. Mutilek mailari eustea izango dute aurreneko helburua, baina saiatuko dira «teorian gurea baino haundiagoak diren taldeei sustoren bat ematen, mugarik jarri gabe». Esperientzia falta «gaztetasunarekin eta ilusioarekin» ordezkatuko dute. «Lesioek errespetatzen bagaituzte, espero dugu jaitsiera postuak saihestea eta denboraldian zehar beste kirol erronka haundiago batzuetan murgiltzea», adierazi du Goyo Viloria entrenatzaileak.
Neskek, bere aldetik, igoerako play offerako sailkatu nahi dute berriro, eta bigarren mailan ondo finkatu, «oraindik egutegi eta talde kopuru finkorik ez duen kategoria batean». Joan den urtea positiboa izanik, «aurrerapauso bat eman eta iazko lorpenak hobetu» nahi dituzte.
Harrobian ere eman nahi dituzte aurrerapauso horiek, eta asmo horrekin sartu dira entrenatzaile berriak, «beheko kategoriek eskatzen duten teknifikazioa hobetzeko. Obsesionatu gabe, bide horretan jarraitu nahi dugu, eta gure jokalariei superazio pertsonalaren bidean lagundu».
Ez dituzte aipatu gabe utzi nahi izan, dena den, «kiroldegi zaharkituak» sortzen dizkien «oztopoak eta segurtasun arazo batzuk», eta baita pista erabiltzeko behar adina ordu ez izatea ere: «Kantxako orduak partekatzen ditugun klubei kalteak eragiten dizkigute horiek guztiek», diote. Hernaniko Eskubaloi Taldetik adierazi dute, «frustragarria» dela «egoerak eskatzen duen maila ez egotea, gure esku ez dauden arrazoiengatik».