Anbulatorioaren egoera salatzeko, kontzentrazioa gaur

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 20a

Arratsaldeko 18:30etan egingo dute elkarretaratzea, lehen arretan eta larrialdietan dauden gabeziak konpontzea eskatzeko.

Kontzentrazioa deitu du gaur arratsalderako, Hernaniko anbulatorioaren aurrean, Donostialdeko Osasun Publikoaren Aldeko herri plataformak (DOPA). Hitzorduaren helburua da salatzea anbulatorioko lehen arretan eta larrialdietan dauden gabeziak, eta neurriak hartu ditzaten eskatzea Osakidetzari eta Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuari. Arratsaldeko 18:30etan jarri dute elkartzeko zita, eta herri osoari luzatu diote bertaratzeko deia. Izan ere, osasungintza arlokoa hernaniar guztiei eragiten dien arazoa da.

Beste hainbat herritan ere egin dituzte kontzentrazioak eta manifestazioak, DOPAk deituta; eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean ere. Nabarmendu izan duenez, Donostialdeko Etengabeko Arreta Guneen egoera oso txarra da, EAEko gainerakoena baino okerragoa. Egoera «jasanezina» dela salatu izan du, eta hitzetatik ekintzetara pasatzeko beharra dagoela adierazi du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!