Aldaketa urtean, «denboraldi luze eta gogorrerako» prestatzen ari dira trikoloreak

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 20a

Trikoloreak, Gernikaren kontrako azkeneko partiduan; tartean Arturo Rivas (14), aurrerantzean entrenatzaile ariko dena.

Iraileko azkeneko asteburuan ekingo dio Ohorezko Elite Mailari Hernanik, Getxon. Pretenporada betean dira jokalariak, entrenatzaile berrien aginduetara: Jokin Gorrotxategik eta Arturo Rivasek hartu dute Patrick Polidoriren eta Jean-Marc Higosen lekua.

Erronka berri bati ekin zion Hernanik aurreko urtean, gizonezkoen Ohorezko Elite Mailan. Kategoria sortu berria zen, maila nagusiaren eta Ohorezko B Mailaren artean, liga lehiakorragoa izan zedin. Halakoxea izan zen estreinako denboraldia, parekotasun haundikoa eta gogorra, estatu osoko 10 talderekin, trikoloreak tartean.

Elite Mailan ariko dira aurten bigarrenez, kategoria berrira egokituta; baina aldaketa urtea izango da Hernanirentzat berriro, oraingoan etxe barruan: Jokin Gorrotxategi eta Arturo Rivas ariko dira entrenatzaile lanetan, Patrick Polidoriren eta Jean-Marc Higosen lekua hartuta.

17 urtez trikoloreen gidari izan ondoren, taldea utzi du Polidorik, azkeneko hiru urteetan laguntzaile izan duen Higosekin batera. 'Etxe barruko' beste bi kidek hartu dute Hernaniren talde nagusia gidatzeko ardura: Gorrotxategi emakumezkoen talde nagusiaren entrenatzaile izan zen joan den urtean, eta Rivas jokalari gisa aritu zen orain zuzenduko duen taldearekin.

 

Kontrario 'berriak', liga  hasteko: Getxo eta Barça

Iraileko azkeneko asteburuan hasiko da liga, eta bi kontrario 'berri' izango dituzte trikoloreek aurreneko bi jardunaldietan, aspaldiko ezagunak izan arren: Getxo igo berriaren zelaian jokatuko dute aurreneko partidua, eta Barça izango dute bisitari Landaren bigarrenean, Ohorezko Mailatik jaitsi dena.

Liga hasteko hilabete pasa­txo falta denean, aurredenbo­ral­diko hirugarren astean dira hernani­arrak. «Aldaketa haundiak izan dira taldean, eta aurreneko aste hauetan, pixkanaka ari gara ezagutzen Jokin bera, dinamika berriak, entrenatzeko egiturak...», azaldu du Xabi Lukasek, taldeko kapitainetako batek. «Orain arte ikusitakoarekin gustura gaude. Egia da elitekoak eta 23 urtez azpikoak elkarrekin ari garela entrenatzen orain, eta horrek mugatu egiten duela; baina abuztuan horrela moldatzen gara».

Buru-belarri ari dira lanean, bost aste barru egoera onenean ekiteko ligari: «Badakigu denboraldia oso luzea eta gogorra izango dela. Desplazamendu asko dauzkagu, aurreko urtean bezala. Baina dagoeneko esperientzia daukagu maila honetan, eta badakigu zer nolako erronka den. Taldea gogotsu dago, denboraldiari eta aurreneko partidu horri begira. Derbia izango da gainera, Faduran. Oso zelai zaila da, baina garaipenarekin hasi nahi dugu liga», dio kapitainak.

Lukasek berak, bereziki gogotsu ekin die entrenamenduei: «Jokatu gabe nago otsailetik, eta sekulako gogoa neukan berriro martxan jartzeko. Beharrezko estimulua nuen errugbira bueltatzea, eta oso gustura nago aurredenboraldiaren hasiera honekin», aitortu du.

 

10 talde, igoera eta  jaitsiera bakarra

Getxorekin eta Barçarekin batera, beste lehiakide berri bat izango du Hernanik, Sevillako Ciencias, hori ere maila gorenetik jaitsita; eta iaz kontrario izan zituen beste sei: Sant Cugat, Valencia, Les Abelles, Las Rozas, Fenix eta Gernika. Hain juxtu, gernikarren kontra bukatuko du liga, hasi bezala, Bizkaian derbia jokatuta.

18 jardunaldiren ondoren, ligako lau talde onenek jokatuko dute igoerako play offa, eta txapeldunak soilik lortuko du Ohorezko Mailan aritzeko txartela. Ligako azkeneko sailkatua, berriz, Ohorezko B Mailara jaitsiko da. Talde bakarra izango da maila galduko duena, oraingoan.

Elitekoen asteburu berean ekingo dio ligari Hernaniren 23 urtez azpiko taldeak ere, Getxon bertan. Estatuko maila gorenean, A multzoan ariko dira trikoloreak, honakoekin: Ordizia, Gernika, Getxo, Liceo Frances, Cisneros, Alcobendas, El Salvador, VRAC eta Burgos.

 

GIZONEZKOEN
OHOREZKO ELITE MAILA

2026-2027

HERNANIREN EGUTEGIA

1go jardunaldia

Irailak 27:
Getxo-Hernani

2. jardunaldia

Urriak 4: Hernani-Barça

3. jardunaldia

Urriak 11: Sant Cugat-Hernani

4. jardunaldia

Urriak 25: Hernani-Valencia

5. jardunaldia

Azaroak 1:
Hernani-Ciencias Sevilla

6. jardunaldia

Azaroak 8: Les Abelles-Hernani

7. jardunaldia

Abenduak 13: Hernani-Ingenieros Industriales Las Rozas

8. jardunaldia

Abenduak 20: Fenix-Hernani

9. jardunaldia

Urtarrilak 17: Hernani-Gernika

10. jardunaldia

Urtarrilak 24: Hernani-Getxo

11. jardunaldia

Otsailak 14: Barça-Hernani

12. jardunaldia

Otsailak 21:
Hernani-Sant Cugat

13. jardunaldia

Martxoak 7: Valencia-Hernani

14. jardunaldia

Martxoak 14:
Ciencias Sevilla-Hernani

15. jardunaldia

Martxoak 21:
Hernani-Les Abelles

16. jardunaldia

Apirilak 4: Ingenieros Industriales Las Rozas-Hernani

17. jardunaldia

Apirilak 11: Fenix-Hernani

18. jardunaldia

Apirilak 18: Gernika-Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!