Bi hilabeteko lehiaren ondoren, azkeneko astean sartu da ETE Liga. Datorren asteburuan jokatuko ditu ligako azkeneko bi estropadak Hernaniko 'Maialen' traineruak: Zarautzen ariko da larunbatean, goizeko 11:00etan hasita; eta Bilbon igandean, eguerdiko 12:00etatik aurrera.
Traineru hernaniarra zazpigarren izan zen joan den larunbatean, beste behin, Castro Urdialesen jokatutako estropadan. Portugalete nabarmen atzean utzita, ez zituen urruti izan Deusto eta Isuntza, baina ezin haiei aurrea hartu. Gorabehera haundirik ezean, zazpigarren postu horretantxe bukatuko du liga ere, sailkapen nagusian.
Edonola ere, bere maila onena erakustera joango dira Zarautzera eta Bilbora, ezusteko politen bat emateko asmoz. Erakutsi dute denboraldi honetan bertan, baldintzak alde izanez gero onenekin lehiatzeko gai direla, Sestaon lortutako bigarren postuarekin, banderatik gertu. Liga beste horrenbesteko zapore gozoarekin bukatzen saiatuko dira, Zarauzko lau kaletako lehian eta Bilboko erlojupekoan.
Kontxako sailkatze estropada, irailaren 3an
Liga bukatuta, azkeneko zita bat geratuko zaie hernaniarrei, urteko garrantzitsuena: Kontxako Bandera. Irailaren 3an jokatuko dute sailkatze estropada emakumezkoen traineruek, arratsaldeko 18:00etan hasita, erlojupeko formatuan. Gizonezkoena bezperan izango da, ordu berean.