Juaneneak lortu du ligaxkako lehenengo garaipena, tira-biren erdian

Beñat Los Arcos Ayerdi 2026ko abuztuaren 18a

Aritz Juanenea, aurreko partidu batean. Argazkia: Maialen Andres

Saldiastarrak 30-19 menderatu zuen Ezkurra II, Oriamendiren eta Imanol Ansaren arteko eztabaida bete-betean.

Abuztuaren hasierarekin ekin zioten Buruz Buruko Txapelketari, Galarretan. Eta aurreneko asteetan, kantxa barruko lehia baino, frontoitik kanpokoa izan da protagonista, Imanol Ansa urnietarrak agerraldia egin baitzuen, Oriamendik txapelketatik kanpo utzi izana salatzeko.

Ansak adierazitakoei joan den ostegunean erantzun zien Oriamendik, eta larunbat iluntzean beste ohar bat zabaldu zu­en urnietarrak berak.

Tira-bira horien erdian jokatu zuten Aritz Juanenea saldiastarrak eta Josetxo Ezkurra doneztebarrak, larunbatean ber­­tan, ligaxkako aurreneko par­tidua. Eta ezin hobeto ekin dio iaz lortutako txapelaren defentsari Juaneneak: 30-19 menderatu zuen Ezkurra II, aurreneko lau puntuak eskuratzeko, doneztebarra punturik gabe utzi zuen bitartean. 17-18 galtzen ari zela, saldiastarrak partzial ikusgarri batekin hautsi zuen ordura arteko parekotasuna, saketik min gehiago eginez eta pelota indartsuago astinduz jokoan.

Ligaxkako bigarren partidua Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Xabi Azpiroz uitziarrak jokatuko dute, datorren larunbatean, arratsaldeko 16:30etan hasita Galarretan.

Imanol Ansa txapelketatik kanpo uzteko arrazoiak, Oriamendik

Esan bezala, ostegunean egin zuen agerraldia Oriamendi enpresak, Imanol Ansari erantzuteko eta urnietarra txapelketa­tik kanpo uzteko arrazoiak azaltzeko. «Argi» utzi nahi izan du, kirol errendimendua ez dela txapelketetan parte hartzeko irizpide bakarra: «Pelotari baten balioak, konpromisoa, jokabide profesionala eta zintzotasuna hori bezain garrantzitsuak edo are garrantzitsuagoak dira». Horren harira, azkeneko hilabeteetako zenbait gertaera eman ditu aditzera, argudio gisa. Batetik, enpresak jakinarazi zuenean aurtengoa izango zela azkeneko denboraldia, eta zailtasun ekonomiko nabarmenak izan arren, baldintza ekonomikoei eutsi zitzaiela, Ansa izan zela soldata igoera eskatu zuen bakarra. Bestetik, Erremontari Txapelketarako Oriamendik eta ETBk esleitu zioten kapitain-botileroarekin «Ansa zuzenean jarri zela harremanetan, adierazteko ez zegoela ados izendapenarekin». Botileroak lanari uko egin zion azkenean, eta enpresak azaldu duenez, Ansak eskatu zion «Oriamendik ez ezagutzea elkarrizketen edukia osorik, azalpen neutroago bat eskaini zezala». Era berean, Oriamendik azaldu du Ansak uko egin ziola Erremontariko finalerdien aurretik Errenterian jokatzeari, «lesio edo eragozpenik justifikatu gabe, orkatilan mina zuela besterik ez. Bere azalpena izan zen nahiago zuela finalerdirako gorde».

Oriamendin «kezka gehien» sortu duen gertakarietako bat, ordea, izan da Imanol Ansak «kanpotik eta material ezberdinekin egindako zesta bat» erabili izana, «aurrez jakinarazi gabe eta enpresak baimendu, homologatu eta balioztatu gabe». Materiala kontrolatzeko arrazoia «denak baldintza berdinetan lehiatzen saiatzea» dela argitu du Oriamendik.

Gainera, azaldu du kontu horietaz aritzeko zuzendaritzak lau bileratara deitu zuela urnietarra, eta ez zela bakar batera azaldu. Gertakari horiek guztiak bateratuta hartu du Oriamendik Imanol Ansa Buruz Burukotik kanpo uzteko erabakia, eta aurreratu du, hurrengo txapelketetan ere ez duela parte hartuko.

Oriamendik agerraldia egin eta bi egunera, oharra zabaldu zuen Ansak berak, enpresaren argudioak «puntuz puntu gezurtatzeko» eta aipatutakoak argitzeko. Izan ere, urnietarraren arabera, Buruz Burukotik kanpo uzteko erabakia «zuritzea» ez ezik, bere irudiari «egoismoaren estigma itsastea» ere bazuen helburu Oriamendiren agerraldiak.

 

Bi aldeen adierazpenak irakurgai, osorik

Albiste honetan aditzera emandakoak eta beste hainbat kontu, luze eta zabal azaldu dituzte bi aldeek, aipatutako agerraldi eta oharretan. Adierazpenak irakurgai daude osorik, lerro hauen azpian eta ondorengo loturetan:

Oriamendiren adierazpena:

Imanol Ansaren oharra:

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!