Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko errepide sarea mugikortasun eredu berrietara egokitzeko «urrats berria eman du». AP-1eko Arrasateko eta Eskoriatzako eta AP-8ko Hernaniko zerbitzuguneek ibilgailu elektrikoentzako karga azkarreko harguneak izango dituzte 2027aren hasieran, 3 milioi euroko inbertsioa egin ondoren.
Bidegiren Administrazio Kontseiluak AP-1eko lau zerbitzugune (Arrasate eta Eskoriatza) eta AP-8ko bi (Hernani) berrantolatzeko eta egokitzeko kontratua esleitu du. Lanek jarduketa bikoitza aurreikusten dute horietan. Alde batetik, espazioen konfigurazioa aldatuko da, «bide segurtasuna hobetzeko eta zerbitzu eremuen barruko zirkulazioa optimizatzeko». Eta berrantolaketa horri esker, potentzia haundiko kargagailu elektrikoak instalatzeko gune berriak ahalbidetuko dira.
Lehen fasean, zerbitzugune bakoitzak bina kargagailu bikoitz izango ditu, eta, horri esker, geltoki bakoitzeko lau ibilgailu aldi berean kargatu ahal izango dira. Gainera, azpiegitura haunditzeko ahalmenarekin diseinatu da, eta, beraz, karga puntuen kopurua eskariaren arabera handitu ahal izango da, geltoki bakoitzeko hamabi ibilgailura iritsi arte. Kargagailuak karga azkarrekoak izango dira, eta, horri esker, erabiltzaileek ibilgailuaren bateriaren %80 bete ahal izango dute gutxi gorabehera hamabost minutuan, itxaronaldiak murriztuz eta joan-etorrien jarraitutasuna erraztuz.