Azken pausoa Buruz Buruko txapelketaren ligaxka nagusia hasi aurretik, gaur arratsaldean Galarretan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 8a

Ezkurra eta Aldabe izango dira aurrez aurre, aurreligaxkako finala jokatzen. Irabazleak osatuko du ligaxka nagusian falta den hutsunea.

Pasa den ostegunean, abuztuaren 6an, aurkeztu zuten Chillida Lekun aurtengo Buruz Buruko Euskolabel Txapelketa, XLIVgarren edizioa izango dena. Lau erremontista ariko dira ligaxkan lehiatzen, elkarren artean; jada sailkatuta daude ligaxka nagusi honetarako iazko txapelduna den Aritz Juanenea, Endika Barrenetxea hernaniarra eta Xabier Azpiroz. Azken parte hartzailea falta da, gaurko jaialdian jokatuko den finaletik aterako dena: 16:30etan Galarretan izango dira aurrez aurre Josetxo Ezkurra eta Kemen Aldabe, Buruz Buruko Txapelketako aurreligaxkako finalistak alegia.

Gaurko jaialdia txapelketa ezberdinez osatuta egongo da, bigarren partidua izango den Ezkurra eta Aldaberen artekoaren aurretik, Oriamendi Txapelketako norgahiagoka izango da, Julen Deskarga hernaniarra ariko da horretan, bere kide Eskuderorekin batera, eta Aiestaran VII-Ugarte II bikotearen kontra. Eta hirugarrenik, lagunarteko partidu bat prestatu dute, ikuskizunezkoa; hori bai, punta-puntako erremontistak izango dira aurrez aurre: Goikoetxea Va eta Barrenetxea IVa ariko dira bikote moduan,  Segurolaren eta Azpirozen aurka.

Beraz, gaur jakingo dugu Buruz Buruko Txapelketaren ligaxka nagusiaren azken parte-hartzailea, eta hurrengo larunbatean ekingo diote lehiari, abuztuaren 15ean. Chillida Lekun egindako aurkezpenean azaldu zuten bezala, partidu guztiak Galarretan jokatuko dira, 16:30etan hasita oro har (agian batenbat lehenago hasi daiteke). Eta formatuari dagokionez, ligaxka osatuko duten erremontistek jokatuko dute denek denden aurka, sei jardunalditan (abuztuak 15, 22 eta 29 eta irailak 5, 12 eta 19). Puntuaketa sistemari dagokionez, partidua irabaziko du 30 tantora iristen den lehendabiziko erremontistak, baina ligaxkako sailkapenean puntuak gehitzerako orduan, garaipena lortzeak ez ditu puntu extrak ematen, partiduan zehar egindako puntu kopuruak baizik; hau da, partidu batean 30 tanto egiten dituenak 4 puntu eskuratuko ditu, 27-29 tanto egiten dituenak 2 puntu, 24-26 egiten dituenak puntu bat, 17-23 egiten dituenak 0 puntu, eta 16 tanto edo gutxiago egiten dituenak -1 puntu. 

Horrela, ligaxkako lehen sailkatuak finala jokatuko du zuzenean, finalerdiko irabazlearen aurka; bigarrenak eta hirugarrenak finalerdia jokatuko dute, eta ligaxkako laugarrena kanporatua izango da. Bi erremontisten artean puntu berdinketarik egonez gero, bi pelotari horien arteko partidua irabazi duena sailkatuko da hurrengo fasera. 3 edo 4 erremontistek berdintzen badute, ordea, tanteo globala hartuko da kontuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!