ETE Ligaren amaierara iristeko lau jardunaldi baino ez dira falta, eta lehian jarraitzen du Hernaniko 'Maialen' traineruak, sailkapen orokorrean zazpigarren postuan dagoela. Ligako azken sailkatuak galtzen du kategoria, eta Hernanikoak azkenbigarrenak diren arren, puntu dexente ateratzen dizkiete azkenekoei, Portugaleteri hain zuzen.
Pasa den asteburuan Ondarroan izan ziren arraunlariak, Bizkaiko herriko itsaso zabaleko uretan. Azken aldian ohituta daude gisa horretako uretan aritzera; Zumaian aritu ziren aurreko igandean, uztailaren 26an alegia, zazpigarren postuan amaituz. Momentu onean ziren orduan 'Mailaren' traineruko arraunlariak, uztailaren 25ean bigarren postua eskuratu baitzuten Sestaon. Pasa den asteburukoaren kasuan, itsaso zabalean, zazpigarren azkarrenak izan ziren berriro ere Hernaniko arraunlariak.
Baina lehiaketa aurrera doa, eta momentu txarrak ala onak pasa denboraldiarekin batera aurrera egin behar du 'Maialen'ek. Asteburu honetan ere beste zita bat dute hernaniarrek, bihar zehazki, Hondarribian, goizeko 11:00etan hasita.