Bizitzan behin suertatzen den abuztuaren 12ko gertakari astronomikoa den eklipserako prestaketa lanetan dabil Chillida Leku museoa. Baina aurretik, gaurtik larunbatera bitartean, protagonismoa kenduko dio aire zabaleko zinemak eklipseari; izan ere, gaur, bihar eta etzi film bana jarriko dute museoan, arratsalde-gau partean, zinemaz gozatu ahal izateko udarako gaugiroan.
Eta horiez gain, abuztuak aurrera egingo duen horretan, ongizate fisiko zein mentalerako jarduerak eta familientzako arte tailerrak izango dira museoan, baita kontzertu pare bat ere, Musika Hamabostaldiaren baitan. Zehazki Chillida Lekun izango dira Vincenso Capezzuto kontratenorea, Giancarlo Bianchetti gitarrista (abuztuaren 21ean bi hauek), Maria Jose Montiel mezzosopranoa eta Miquel Estelrich pianista (hilaren 27an azken bi hauek).
Horrela, gaur bertan, gaueko 22:00etan 'Sorda' filma jarriko dute museoan, aire zabalean zineaz gozatzeko. Azken sarrerak salgai daude Chillida Lekuren webgunean: Abonatuen kasuan prezioa 12,80 eurokoa da pertsona bakoitzeko, eta gainerakoentzat 16 eurokoa.
'Sorda' Eva Libertad gidoigile eta zinema zuzendariak idatzi zein zuzendutako filma da. Filmaren istorioko protagonista dugu Angela, gorra den emakumea. Alaba bat izango du bere senarrarekin, Hector izena duena eta entzumen arazorik ez duena. Haurdunaldian, amatasunarekiko dituen beldurrak azaleratzen zaizkio, ea bere alabarekin nola komunikatuko den galdetzen dio bere buruari. Alabaren jaiotzaren ostean, bikoteak krisia izango du, eta Angelak bakarrik heziko du alaba.
Bihar eta etzi, jarriko dituzte 'Mi postre favorito' eta 'La doncella del lago' filmak, hurrenez hurren. Azken bi hauen sarrerak lehenengoaren prezio berbera izango du, baita ordutegia ere. Gaurko filma gaztelaniaz jarriko dute, baina biharkoak zein etzikoak gaztelaniazko azpitituluak izango dituzte, eta audioa ingelesez.