Diote 'sekia' egoten dela abuztuan, jendeak oporrak hartzen dituelako. Baina bertsolariek ez dute atsedenik hartzen dirudienez. Udaran zehar hamaika saio izaten ari gara Urumean, eta oraingoan bertso saioa antolatu dute biharko Paulo Txikiya bertso eskolako kideek, eta ohi bezala, ez dute halamoduko saioa antolatu; oraingoan musikatua izango da bertso saioa. Abestiak kantatzen ariko direla irudituko zaio batenbati, baina bertso musikatuak izango dira!
Horrela, 20:30etan hasiko da emanaldia, Leoka labaderoan, eta kantuan ariko dira Aratz Igartzabal 'Potto', Haira Aizpurua, Asier Azpiroz eta Unai Izagirre artistak. Bestalde, abeslariekin batera, giroa jartzeko arduradunak izango dira Libe Goenaga eta Markel Oiarzabal musikariak. Erritmoa markatuko dute haien instrumentuekin: saxofoia joko du Goenagak, eta pianoa Oiarzabalek.
Azkenik, gai-jartzaile gisa Andoni Mujika 'Anatx' izango da. Ikusiko dugu ea zer bururatzen zaion bertso eskolako kide zein irakasleari, eta baita bertsolariei ere jarraian.