Elizatxo 60-66ko etxebizitzen inguruan berrurbanizatzeko obrak martxan dauden honetan, Hernaniko Udalak aditzera eman du aurrera doazela lanak, normaltasun osoz. Aurtengo maiatzean hasi ziren lanak, eta aurreikusitako erritmoa jarraitzen ari direnez, eta obren iraupena 10 hilabetekoa denez, datorren udaberrirako bukatzea espero da.
Obra hauen helburua da auzoko irisgarritasuna eta mugikortasuna «nabarmen hobetzea». Zehazki, helburuak dira «zerbitzu eta azpiegiturak berritzea, auzoari irisgarritasun unibertsala ematea, zoladura berritzea, GI-2132 errepidean abiadura murriztea, eta auzoko sarrera-irteerak hobetzea».
Udalak ere azaldu du gaur egun auzoko espaloi estuek ez dituztela indarrean dauden irisgarritasun baldintzak betetzen: «Lan hauei esker, oinezkoentzako espazio zabalago eta atseginagoa sortuko da, eta horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko Irisgarritasun Legea beteko da».
Lan hauek Udalaren estrategiaren barruan kokatzen dira, auzoak biziberritzeko Udalaren estrategiaren barruan zehazki. Berrurbanizazio lan hauetan, guztira, 1.275.958,76 euroko inbertsioa egingo du Udalak.