Erremontista urumearrak nagusi, Zarautz Txapelketan

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko abuztuaren 3a

Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Aldabek irabazi zuten A txapelketa, eta Julen Deskarga hernaniarrak eta Eskuderok B txapelketa.

 

Pasa den asteburuan zehar erremonteko Zarautz Txapelketa jokatu zen, Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan (Zarautzeko pilotalekua). Bi erremontista urumearrek hartu zuten parte, bi hernaniarrek zehazki, eta txapeldun izan ziren biak: Endika Barrenetxeak A txapelketa irabazi zuen, bere kide Kemen Aldaberekin batera; eta Julen Deskarga, berriz, B txapelketan izan zen nagusi, bere kide Aritz Eskuderorekin. 

Ostiralean izan zen txapelketako lehen jardunaldia, uztailaren 31n. Lehen finalerdiak jokatu ziren jaialdi horretan, A txapelketako lehendabizikoa eta B txapelketako lehendabizikoa: Martixpe-Aiestaran VI 0-2 Deskarga-Eskudero (B txapelketa) eta Aldabe-Barrenetxea IV 2-1 Goikoetxea V-Azpiroz (A txapelketa). Larunbatean (abuztuak 1), berriz, beste bi finalerdiak jokatu ziren: Susperregi-Goikoetxea VI 0-2 Aiestaran-Ugarte II (B txapelketa) eta Segurola-Juanenea 2-1 Ezkurra II-Larrañaga (A txapelketa).

Atsedenerako tarterik gabe, hurrengo egunean, atzo alegia, final haundiak jokatu ziren, eta hernaniarrak izan ziren nagusi bi txapelketetan. Julen Deskargaren eta bere kide Eskuderoren txanda izan zen lehendabizi; Aiestaran VII-Ugarte II bikotea zuten kontrario. Gailendu ziren hernaniarra eta Eskudero, bi setetan, 15-8 eta 15-9, aurkariei aukera bat bera ere eskaini gabe. Jarraian hasi zen A txapelketako finala, Barrenetxea eta Aldabe, Segurola eta Juanenearen aurka. Nagusitu ziren arazo haundirik gabe honetan ere, hernaniarra eta Aldabe, bi setera, 15-7 eta 15-9.

Oro har, motza izan arren, giro haundiko txapelketa izan da, harmailak beteta egon dira partidu guztietan, eta Urumeara ekarri dituzte txapelak gainera! Kiroltasuna ere izan da protagonista, Maialen Andresek ateratako argazkietan ikusi daitekeen moduan. 

 

Hurrengo erronka, banakako txapelketa

Datorren ostegunean, abuztuaren 6an, Chillida Lekuk 2026ko Erremonteko Banakako Txapelketaren aurkezpen ofiziala hartuko du, arratsaldeko 17:00etan. Aurkezpenean txapelketaren lehiaketa-formatua, egutegia eta edizio honetako xehetasun guztiak ezagutzera emango dira. Gaur egungo erremontistarik onenetako batzuk bilduko dituen txapelketa izango da.

Txapelketako azken faseko koadroa iazko finalistak izan ziren Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Aritz Juaneneak osatuko dute. Haiekin batera ariko dira Xabi Azpiroz, Josetxo Ezkurra, Iban Larrañaga eta Kemen Aldabe erremontistak. Horrela, Oriamendik maila haundiko txapelketa prestatu du, bakarkako azkena izango dena, antolatzaile gisa. k

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!