Hernaniar orok daki, Santa Barbarara ailegatzeko igo behar den aldapa ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Baita eguraldia maneiatzeaz arduratzen denak ere; horrelako jaiegunetan beti eskatzen dugu eguraldi ona, eguzkitsua, baina kasu honetan, lainoek giroa frexkatzea ez dator gaizki.
Atzokoan, hain zuzen, eguraldia zintzo ibili zen; bazirudien egun euritsua izango zela, baina lainotuta egon arren, euria ez zen izan protagonista.
Trikitilariak, herri-kirolariak, bersolariak eta bertaratutako guztiak izan ziren protagonista. Eta horrelako ospakizun egun bati ezin zaio gehiago eskatu. Lan bikaina egin zuten antolatzaileek, baita antolakuntzan lagundu zuten guztiek. Eta nola ez, festan parte hartu zutenek eta Santa Barbarako aldapa igo zuten guztiek ere bai.