Zarautz Txapelketa jokatuko da, gaurtik igandera bitartean

Julen Borreguero Fernandorena 2026ko uztailaren 31

Bi urumearrek hartuko dute parte, Julen Deskarga eta Endika Barrenetxea hernaniarrek, zehazki.

Ez dute atsedenerako astirik erremontistek azken aldian, Jai-alai Summer Season txapelketa amaitu berri den honetan, Zarautz Txapelketa aurkeztu berri dute orain, gaur hasiko dena eta igandean amaituko dena. Bi taldetan banatuko da txapelketa, eta bietan erremontista urumearrak izango dira. 

Bi taldeen kasuan lau bikotek hartuko dute parte, finalerdiak eta finala jokatuz. Horrela, B taldean Martixpe eta Aiestaran VIa kideak, Julen Deskarga hernaniarraren eta Eskuderoren aurka ariko dira, gaur 18:30etan. B taldeko beste finalerdia jokatuko dute Susperregi-Goikoetxea eta Aiestaran VII-Ugarte II bikoteek, aurrez aurre, bihar 18:30etan. 

A multzoan, berriz Aldabe eta Endika Barrenetxea hernaniarrak jokatuko dute lehen finalerdia, gaurko jaialdian, Goikoetxea V-Azpiroz bikotearen aurka. Beste aldetik, Segurola-Juanenea eta Ezkurra II-Larrañaga ariko dira lehian, biharkoan. Eta finalak igandean jokatuko dira, aipatutako partiduen garaileen artean. Zarautzeko Aritzbatalde kiroldegiko pilotalekuan izango dira, 18:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!