Pasa den asteburuan, larunbatean eta igandean, ETE Ligako estropada bana jokatu zuen Hernaniko 'Maialen' traineruak, Sestaon larunbatekoa, eta Zumaian igandekoa. Sekulakoa egin zuten neskek Sestaon, bigarren postua lortuz. Asier Ocon entrenatzaileren arabera, «haizea funtsezkoa izan da estropadaren bilakaeran. Joaneko luzea ez zen erraza izan haizearen eraginez, baina itzulerakoan oso luze ona egin zuten neskek».
Sestaon ibaian jokatu bazen, Zumaiakoa itsaso zabalean izan zen: «Estropada honetan ere haizea pairatu genuen guztiok baina baita olatuak ere. Laugarren kaletik, ziabogaraino, oso luze txukuna egin zuten; itzulera, aldiz, astuna egin zitzaigun. Ez zen batere erraza izan ontzia dominatzea, arraunkerarekin asmatzea… Neskek asko sufritu zuten. Baina ikasteko, hau da bide bakarra», adierazi zuen Oconek, zazpigarren postuan amaitu ondoren.
Bihar Ondarroan izango dira Hernaniko arraunlariak, eguerdiko 12:00etan hasiko den estropadari heltzeko.