Mertxe Jimenezek, hogeita bost urtez Hernaniko merkataritza eta ostalaritzaren alde lanean aritu ondoren, bere ibilbide profesionalari amaiera eman dio. Berriak elkartean mende laurden eman du eta urte guzti hauetan bizipen eta ikasketa ugari jaso ditu. Azken urteetan teknologia berriek tokiko merkataritza eta ostalaritzan suposatutako iraultza eta ekarritako eraldaketa baikorrak eta ezkorrak gertutik bizi izan ditu.
Horrez gain, Berriaken egindako lanagatik jende asko ezagutzeko aukera izan du eta honi esker lagun asko irabazi ditu urte hauetan. Orain, inoiz baina denbora gehiago izango du lagunez eta familiaz gozatzeko. Hainbeste urteren ondoren zaila da agur esatea, baina Mertxeri iritsi zaio etxe bilakatutako bulegoko giltzak bueltatzeko ordua… Edo agian ez.
Jada erretiratuta zaude eta zure zaletasunez gozatzeko denbora gehiago izango duzu. Zer da zure denbora librean egitea gustatzen zaizuna?
Nire denbora librean gehien egiten dudana mendira joatea da. Asko gustatzen zait mendia, hondartza eta bidaiatzea. Gimnasiora ere joaten naiz, lagunekin denbora pasatzen dut eta irakurtzea ere oso gustuko dut. Eta gainera uste dut une onean erretiratu naizela, eguraldia, udara eta bidaiatzeagatik.
Urte asko eman dituzu Berriak elkartean eta bizipen asko edukiko dituzu. Baduzu bereziki nabarmena den bat?
Berriaken egia da une asko bizi izan ditugula ia hogeita bost urteetan. Nik, batez ere, momentu bat nabarmenduko nuke, niretzat oso garrantzitsua izan zena: udaletxeak turismo eta merkataritza zinegotzigo bat sortu zuenean. Ni sartu nintzenean, Berriaken hogeita hamar bat bazkide ziren. Orain, ehun inguru gara. Ordura arte borroka bat izan zen udaletxeak turismo eta merkataritzari zuzendutako zinegotzigo bat izatea. Duela zortzi urte lortu genuen eta oso harro gaude honetaz.
Tokiko merkataritza suspertzen lagundu duzu urtetan. Zein da egiten duzuen lanaren gakorik garrantzitsuena?
Uste dut egiten dugun lanaren gakoa merkatarien arteko lotura dela. Orokorrean, jendea, saltoki bat irekitzen duenean, oso bakarrik aurkitzen da. Berriakekin, nora jotzeko eta non galdetzeko toki bat dute. Guk esaten dugu Berriak familiako medikua bezala dela. Guk ez ditugu dirulaguntzak ematen eta ez ditugu beste departamentu batzuk egiten dituzten lanak egiten. Baina, merkatariek guregana jotzen dutenean babesa sentitzen dute, guk esaten diegulako nora joan behar duten eta zein dirulaguntza dituzten. Orduan, uste dut hori dela herriko merkataritza elkartzea eta jendea hain bakarrik ez sentiaraztea ahalbidetzen duena.
Nola ikusten duzu gaur egun Hernaniko merkataritza eta ostalaritzaren egoera?
Niri erretiroa iritsi zaidan bezala, 60 hamarkadako baby boomekoak gara, eta jende askori iritsi zaio erretiratzeko ordua. Taberna eta denda asko daude salgai eta ez da belaunaldi ordezkapena ematen ari. Orduan, hor arazo bat dago. Bestalde, Hernani Donostiatik oso gertu dagoen herri bat da eta herri esportatzaile bat gara. Lehen, Astigarragatik, Andoainetik eta Urnietatik jende asko etortzen zen, merkataritza gehien zuen herria zelako. Une hauetan, hernaniarrak ere kanpora joaten dira erosketak egitera. Horrez gain, honi guztiari interneteko merkataritza gehitu behar zaio.
Urtez urte tokiko merkataritza gainbeheran dagoela ikusi dezakegu. Joera honek horrela jarraituko duela uste duzu?
Niretzat ilusioa izango litzake aldaketa bat gauzatzea. Merkatariei beti esaten diegu “zerbait gehiago” eman behar dutela eta asko profesionalizatu behar direla. Azkenean, mundu guztiari ez zaio gustatzen merkataritza-gune batera joan eta saskian galtza batzuk sartzea. Pertsona askori gustatzen zaie saltzaileak galtza nola gerlditzen zaien ikustea, esatea zer moduz gelditzen zaien, behar bada baxua hartzea eta abar. Gauza horiek dira sustatu behar dituztenak: tratu pertsonalizatua, une oro gizatiar tratua sustatzea. Hori da zaindu behar duguna, banatzaile handien prezioekin ezin baita lehiatu. Horrez gain, sare sozialetan aktiboa izatea garrantzitsua da, jende askok bertatik ikusten dituelako gauzak.
Zer iritzi duzu teknologiak merkataritzan ekarri dituen berrikuntzen inguruan?
Ez da guztiz aldaketa baikorra izan tokiko merkatarientzat, nahiz eta beste esparru batzuetan izugarria izan, internet bidezko erosketek min haundia egin dute. Merkataritza txikiak ezin du lehiatu hiru eurotara saltzen diren kamisetekin. Bestalde, ondo dago erakusleiho gisa funtziona dezakeelako merkatari txikientzat. Hau da, erakusleiho bakarra kalean duten hori ez izatea. Baina min gehiago egin du mesede baino.
Urteak eman dituzu herrian eta herriarentzat lanean. Pertsonalki zein da eraman duzun ikasketa handiena?
Niretzat, batez ere, jendearekin izan dudan tratua. Jende asko ezagutu dut eta esparru guztietako jendearekin harremandu behar izan naiz. Beraz, asko laburbilduz: jendearekin harremana. Lagun asko eraman ditut, esparru guztietakoak, ez soilik merkataritzaren esparrukoak. Lan honek jende asko ezagutzeko aukera eman dit.
Mende laurden baten ondoren, bildutako esperientziarekin, zein aholku emango zenieke Berriaken jarraitzen dutenei?
Ez naiz aholku gehiegi ematen dituen pertsona bat, baina nik esango nien merkatariei asko entzuteko, askotan hori bakarrik behar dutelako. Egia da dana asko aldatzen dela eta ni joatean jende gazteagoa sartuko dela eta gauza oso ezberdinak egingo dituztela. Baina, merkatarietatik hurbil jarraitzea eta edozertarako hor gaudela sentiaraztea da garratzitsuena.
Nola nahi zenuke herritarrek gogoratzea zure lana?
Laguntzeko prest egon den pertsona bat bezala, eta ondoan izan dutena. Esan dizudan bezala, nire lankideek egitea gustatuko litzaidakeena da niri gogoratzea gustatuko litzaidakeen bezala. Beti hurbil eta behar izan duten guztiarentzat egon den pertsona bat.
Mezu bat, herritar eta tokiko merkatarientzat.
Herriko jendeari, batez ere gazteei, esango nien beti dagoela momentu bat bizilaguna behar duguna. Pentsatu behar dutela gure herria merkataritza gabe, oso esaldi ohikoa da, baina hildako herri bat dela. Merkataritzak eta ostalaritzak bizitza ematen dute eta herriko jendeak, kirol-taldeek edo auzo-elkarteek zerbait behar dutenean beti jotzen dute haietara. Orduan, esango nien horretan pentsatzeko. Guztiok komunitatea sortzen jarraitu behar dugu eta komunitatea bata besteari babesten sortzen da.
Zer da gehien hunkitu zaituena bulegoa uztean?
Egia esan, ez dizkiet ezta giltzak bueltatu. Oso lagun onak eraman ditut eta oraingo zuzendariak, Nagorek, giltzak bueltatuko ez nituela esan nionean erantzun zidan: «Badakizu hau zure etxea dela». Oso agur polita antolatu zidaten, asko gustatu zitzaidan jendearen gertutasuna eta asko hunkitu ninduen. Esan bezala, urte hauetan zehar egin ditudan lagunekin gelditzen naiz. Uste dut jendea pozik gelditu dela nirekin eta ni beraiekin ere. Lan bat izan da, baina boluntariotza lan asko ere izan du, beraiengatik asko eman dugu eta beraiek ere asko eman digute.